«Ni, Florentinok esanda, tabernara joaten nintzen jende bila, basoerdia eskatu eta hiru seinale egin behar nituen»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 13a, 02:00

Non jaio zineten, Antonio?
Antonio: Altzueta baserrian. 11 senide ginen eta 20 urteko aldea nuen Florentinorekin; orain 90 urte ditut.

Eta zuk, Karmen?
Ezagutu zenuen Florentino? Karmen: Ni Mailus Berrin jaio nintzen, orain dela 82 urte. Ezagutuko ez nuen ba! Florentino makina bat potaje jana da gure etxean.

Zu gazte zinela, Antonio, hura hasia izango zen lanean?
Antonio: 23 urterekin Frantzian hasi zen lanean, zerrategi batean; han aritu zenean amistadeak egin zituen; ordukoa zuen kontrabandoa. Bizikleta berriak ekartzen zituen, bere farola, guardabarrosa, dinamoa, atzeko poltsa eta behar zen guztiarekin. Automoto eta Peugeot markak ekartzen zituen.

Nolakoa zen izatez Florentino?
Antonio: Izatez, gizon fuertea, sendoa, ez zen hego haizeak botatzeko modukoa, nekatzen ez zena. Suma zuen; gau osoa biajean pasa eta hark beti zekien bidea, nondik jo. Hitz gutxikoa zen; baina era berean karinosoa. Poliki esateko, oso garbia zen, ez zuen etsairik, kontzientzia lasai zuen. Florentino, larru gorri jaio eta larru gorri hil zen. Sentziloa zen; berea zuen, inor larri ikusten bazuen, lagundu egin behar zion. Karmen: Umemaitia zen; patrikan beti txokolatea eramaten zuen eta umeei ematen zien. Eta abilidadea zuen gauez gehiago ikusteko; suma zuen, besteak baino gehiago ikusten zuen ilunpean, bazekien beti nondik jo.

Anekdotarik gogoratzen duzue?
Antonio: Ni ikusia nago gauean, Gabon Gaua zen, jela bizi-bizi zen. Gau hartan bagenekien etorri behar zuela etxera. Fonografo zahar bat genuen etxean, orrua besterik ez zuena eta hura entzuten ari ginen. Izango ziren goizeko ordubata edo gehiago, eta halako batean, harritxintxarra sukaldeko leihoan, atea jotzeko partez horrela deitzen baitzuen. Galtzak belauneraino igota eta alpargatekin azaldu zen, goitik behera busti-bustia, eta galdetu nion nondik etorri zen eta esan zidan Epele-Etxeberriko presan pasa zela.

Eta zuek parte hartu al zenuten inoiz bere kontuetan?
Antonio: Donostiara joateko esaten zigun eta horrelakoetan beti esaten zigun galdetuz gero, ez esateko inori Donostiara gindoazenik. Ni enkarguetara joaten nintzen eta ez nekien norekin geratua nintzen, ez nongoa zen, ez izenik, ez nora zihoan...

Eta nola egiten zenuten?
Antonio: Jendea etortzen zen kontrabandoan. Niri deitzen zidan eta esaten zidan: ‘Antonio, hiru zeudek’ eta Donostiako Alde Zaharreko taberna batera joaten nintzen. Baina, ezin jendeari galdezka ibili, zu nor zara. Zer egiten genuen? Hasteko basoerdia eskatu, eta hiru seinale: zapela kendu, burua arraskatu eta zapela jantzi. Hori hiru aldiz. Ardoa hartu, tabernatik atera eta kanpoan itxoin. Beraiek etortzen ziren. Orduan abiatzen ginen, ni aurretik, eta haiek atzetik, ardiak bezala. Nik handik Martutenera eramaten nituen, tranbian parada zen han, eta hantxe uzten nituen.

Eta handik nora joaten ziren?
Antonio: Ez dakigu. Igual Bartzelonara, auskalo!. Han beste norbait izango zuten zain.

Zergatik egiten zenuten?
Antonio: Nik anaiari laguntzeko egiten nuen. Batzuetan etorri eta bi egun pasa behar zituen Hernanin, baina ez etxean, sasian, harkaitzean. Ni mendiko erremintak hartu eta hantxe joaten nintzen, itxura egiten, eta hantxe azaltzen zen faldan. Egia esan, bera bakarrik ez zen inor, laguntza behar zuen nonahi. Beste batean Urnietako harrobian egon zen gordeta; han genuen familiak lagundu zion. Inoiz arriskuan izan zineten? Antonio: Gu ez. Baina bera bai. Behin Guardia Zibilak eraman zuten kuartelera; gure beste anaia Nikolas iturgina zen; Hernaniko iturgin bakarra; ez zegoen Hernanin etxerik berak ezagutzen ez zuenik!. Florentinok esan zien, halakoren anaia zela, bizikleta kalean utzia zuela, eta anaiari abisatzera zihoala bizikleta jasotzeko. Eta Guardia Zibilak utzi. Ez zen bueltatu.

Bazenekiten zertan ari zineten?
Antonio: Ez, egia esan, ez. Nik anaiari laguntzeagatik egiten nuen. Tontoarena egiteak salbatu gintuen behin baino gehiagotan. Florentinok berak, ez zuen eskolarik, gazteleraz eta frantsezez ere ez zekien, baina tontoarena egiten ederki zekien eta horrek behin baino gehiagotan salbatu zuen.

Tonto plantak egiten zituen, orduan?
Antonio: Behin mendian barrena zihoala, alemanek ikusi zuten hegoaidera eta deskarga bota zioten, berak paperak zeramazkin eta bere burua mendian behera bota zuen, han txoko batean paperak gorde, eta tontuarena egin zuen alemanen aurrean, artzaia zela eta zauritua zegoela esanez. Eta alemanek beraiek eraman zuten ospitalera.

Zahartzera lasaituko zen, ezta?
Antonio: Lasaitu, sekulan ez. Hura gizon mugitua zen, baina beti umil. Karmen: Artean bizi zela, Frantziara gonbidatu gintuzten bere omenaldira; 9 kondekorazio eman zizkioten. Pentsatu nolakoa zen, trajerik ere ez zuela.

Eta bizi, non bizitu zen?
Karmen: Ziburun bizitu zen, errentan, Pariseko farmazeutiko baten etxean. Berandu samar ezkondu zen. Pentsatu ezkontzeko abisua ere nola bidali zigun handik, bera ez baitzen etorri! Halaxe bidali zigun: Ezkontzeko eta hiltzeko ordu segururik ez dela, eta berari ezkontzeko ordua iritsi zitzaiola.

Etortzen al zen Hernanira?
Karmen: Zahartu zenean, autobusa hartzen zuen Donibane Lohitzunen eta Donostiara etortzen zen; handik gure etxera, Hernanira, bazkaltzera, eta arratsaldean baserrira joaten zen, hura ikustera, pasiatzera eta siesta egitera, bere etxeko ohean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!