20 urte eman zituzten elkarrekin Lola Perez eta bere bikotea Eduardok, gehienak Hernanin, Lolaren bikotea ezustean eta bat-batean hil zen arte, joan den urteko ekainean. Aurretik argi zuten ezkondu, ez zutela ezkondu nahi, baina bere garaian, 2003an egitezko bikoteak erregulatzeko legea atera zenean, izena eman zuten udaletxean eta baita Eusko Jaurlaritzan ere. Bikotea hil eta gutxira, abuztuan eta urrian, alarguntasun pentsioa eskatu zuen INSSen, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalean, eta bietan ukatu egin zioten. Geroztik epaiketetan ibili da eta oraintxe bertan Euskal Herriko Justizi Epaitegi Gorenari egindako errekurtso baten erantzunaren zain dago.
2003ko izatezko bikoteen lege erregulatzailea
2003an Euskal Autonomi Erkidegoko bikoteak erregulatzeko legea sortu zen. Bertan, besteak beste, onartzen da gaur egun erabat aldatu direla familia eta elkartze ereduak, hala-nola izatezko bikoteak edota emakumeen edota gizonen artekoak.
Orduan, Lola Perezek eta bere bikoteak izena eman zuten. Hain zuzen ere, orduko paper haiek baliagarriak suertatu zaizkio alargunari herentziari dagokionez edota errenta aitorpena egiterakoan.
Ez ordea alarguntasun pentsioa jasotzeko, legeak eskatutako baldintzak ez baititu betetzen. Alargunak uste du 20 urte elkarrekin pasa ondoren, eskubidea duela horretarako, baina ez hori bakarrik, bere esanetan, «legeak diskriminatu egiten ditu izatezko bikoteak, ezkondutako bikoteei eskatzen ez zaizkien baldintzak eskatzen zaizkielako hauei».
2007ko Gizarte Segurantzaren legea
2007an Gizarte Segurantzako legearen 174garren artikuluak dio, besteak beste, izatezko bikoteak honako baldintzak bete behar dituztela halabeharrez alarguntasun pentsioa kobratzeko: Hildakoak gizarte asegurantzan izena emana izatea eta kotizatzen aritu izana; heriotza legea martxan jarri ondoren gertatu izana, alargunaren %50eko dependentzi ekonomikoa eta gutxienez azkeneko 5 urteak elkarrekin bizitu izana frogatzea.
Honen aurrean alargunak salatu nahi du izatezko bikoteek ezkondutako bikoteek baino betebehar gehiago dituztela, «ezkondutako bikoteek ez baitute adibidez inolako dependentzia ekonomikorik frogatu beharrik». Gainera, bikotearen heriotza legea abian jarri baino lehen gertatu zen.
Legeak salbuespenak aurreikusten ditu
2007ko legeak salbuespentzat onartzen ditu legea hasi baino lehenago gertatutako izatezko bikoteen alarguntasun kasuak. Besteak beste, honako baldintzak bete behar ditu alargunak: azkeneko 6 urteak elkarrekin bizitu izana eta seme-alabak izatea.
Baldintza hauek direla eta, 2008ko apirilean epaiketa izan zuen Lola Perezek INSSaren aurka. Epaiketan alarguntasun pentsioa ukatu egin zioten, arrazoi hauek medio: 2007ko legea martxan ez egotea bikotea hil zenean (hain zuzen, salbuespenak kasu hautarako dira); legearen arabera baldintza guztiak bete, betetzen ditu, bat izan ezik: seme-alabarik ez izana elkarrekin.
Seme-alabak batetik, bikoteak bestetik
Epaiketaren sententziaren aurka Lola Perezek honakoa salatu nahi du: «seme-alabek eta bikoteak ez dute berez zerikusirik; alegia, seme-alabek eskubide guztia dute pentsioa jasotzeko, baina alarguntasun pentsioa alargunari dagokio bakar-bakarrik, seme-alabarik izan edo ez». Alargunaren ustez, «seme-alabak izatea, errefortzu bat da bikotearentzat, baina ez da ezinbesteko baldintza».
2007ko legearen arabera, egitezko bikoteetako alargun gutxik jaso dezakete pentsioa
Alargunaren arabera, 2007ko legeak aurreikusten dituen salbuespen horiei heltzen dieten oso alargun gutxik jaso dezakete aipatutako pentsioa, legeak eskatzen dituen bete beharrekoak oso zorrotzak direlako.
Gainera salatu nahi du «bikote ezkonduei eskatzen ez zaizkien baldintzak eskatzen zaizkiela egitezko bikoteei; hauei ez baitzaie eskatzen ez hainbeste denbora elkarrekin eman izana, ez seme-alabarik izatea, esate baterako».
Estatu mailako legea denez, hemengo erakundeek eskumenik ez
Alargunak salatu du bikotea hilez geroztik, ez duela atsedenik hartu, hasieratik ukatu baitzioten pentsioa; otsaileko epaiketako sententziaren ondoren «oso ahul sentitu» eta ate joka hasi zen.
Gaia INSSri dagokio eta Estatu mailako legea da, beraz, hemengo erakundeek ezer gutxi egin dezakete. Orain arte Arartekora, Emakundera eta Gizon eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako Erakundera jo du besteak beste, konpetentzi arazoak medio, erakunde hauek ere «ezin dutela ezer egin» esan diote. Udara hasieran eskutitz bana bidali die Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei kasua ezagutu dezaten.
Udal Ongitza Sailera eta Udal Pleno batera ere jo zuen alargunak; geroztik plenoan erabaki zen gaia batzorde batean jorratzea eta halaxe egin zen uztailaren 30eko Politika Sozialeko batzordean.
Orain batzordean hala erabakita, Udala idatzi bat prestatzen ari da eta alderdi guztiei emango zaie sinatzeko. Hala ere, Ongintza Patronatutik azpimarratu dutenez, «lege horiek Estatu mailakoak dira eta konpetentziak medio, Udalak ezin du indar egin gai honetan». Hala ere, Udalak ahal duena egiteko asmoa adierazi du.