garai bateko mugalariei esker, makina bat abioi gidari salbatu zen II Gerra Mundialean. Horregatik, orain, urtero-urtero, garai beretsuan, martxa bat egiten da, orduan iheslari eta mugalariek egiten zuten ibilbide bera eginez, eta omenaldiak egiten zaizkie orduko laguntzaile eta mugalari haiei. Hain zuzen ere, martxa hori atzo abiatu zen Ziburutik; gaur Bidasoa ibaia gurutzatuko du eta Oiartzunen barrena Hernanira iritsiko da bihar; Osiñaga auzoan dagoen oroitarrian omenalditxo bat egingo diete tartean ibili ziren hernaniarrei: Tomas Anabitarte, Martin Errazkin, Juan Manuel Larburu eta Florentino Goikoetxeari.
Comete Sarea eta
‘Askatasunaren Bidea’
Askatasunaren Bidea; halaxe deitu diote antolatzaileek bide honi; izen bereko liburua ere bada gai honen inguruan, Juan Carlos Jimenez de Aberasturik idatzia.
II Mundu Gerrak iraun bitartean nazien aurkako hainbat talde klandestinok (Madrileko aliatuen zerbitzu eta enbaxadek sostengatzen zituztenak) babestu egin zituzten euskal muga gurutzatzen zuten erresistentziako kideak, eta Alemanen jazarpenetik ihesi zioazenak, eta berriro aliatuen aldera joaten lagundu zieten.
Comete Sarea
Cométe Sarea aliatuen abioi gidariak jasotzen espezializatutako taldea zen, izan ere, gidariak Londresetik ateratzen ziren alemaniarren edo hauek hartutako Europaren helburu estrategikoetan bonbak botatzera. Abioi horietako asko Holandara, Belgikara edo Frantziara joaterakoan eta itzultzerakoan bota egiten zituzten, eta gidariak bizirik ateratzen baziren, nazien eskutan erortzeko arriskua zuten.
Espainia ofizialki ‘neutrala’ Comete sarea hainbat urtez aritu zen abioi gidari hauek lurreratzen ziren tokietatik jasotzen. Handik, ofizialki ‘neutrala’ zen Frankoren Espainiara bideratzen zituzten. Bidea askotan Bruselasen hasten zen; Parisetik pasa eta nola edo hala Donibane Lohitzunen eta Ziburun elkartzen zituzten iheslariak. Handik, mugalarien laguntzaz, mendiz mendi eta Bidasoa ibaia gurutzatuz, muga gainditzen zuten. Behin muga pasata, iheslariak Gibraltar edo Afrika iparralderaino joaten ziren eta handik ostera, Londres aldera.
1941ean sortua
1941ean sortu zen
Comete Sarea, beraz, 67 urte egingo dira aurten. Antolatzaileen esanetan, ihes sarea antolatu zuen talde txikia Belgikatik Euskal Herrira etorri zen orduan, eta hemen harremanetan jarri zen Frankoren aurka lanean zebilen talde batekin, eta hauek hain zuzen, lagundu zioten Bidasoa nondik pasa behar zuen erakusten eta iheslariak jasotzen.
1941eko udaran Dedée de Jong belgikar emakume gaztea Bilbora etorri zen, eta euskal taldearen laguntzarekin, britainiar kontsulatuan azaldu zen eta herrialde hauetako zerbitzu sekretuekin harremanetan jarri zen Comete erakundea sendotu eta egituratzeko.
Hainbat gora-behera medio, erakundeak lanean jarraitu zuen, alemanek 1944ko abuztuan Frantzia utzi zuten arte.
IX ibilaldia aurten
Comete Sareak eta Errenteriako Urdaburu mendizale taldeak antolatzen dute ibilaldi eta omenaldi hau, aurten 9garren aldiz.
Aurreko urteetan bezala, abioi gidari zaharren ordezkaritza eta Comete Sareko kideak ere ibilaldian izango dira. 100 lagun inguruko taldea bildu zen joan den urtean.
Partaide zaharrak -tartean mugaren bi aldeetako euskaldun asko- ere ez dira faltako. Bertan izango da baita ere, Gordon Mellor, Halifax multzoko kopilotoa, Florentino Goikoetxeak pasatakoa.
Omenaldi eguna atzo
Atzo omenaldi franko egin zituzten, Donibane Lohitzunen, Baionan eta Angelun. Gaur berriz, Sokoa-Ziburun egingo dute omenaldia, hain zuzen, Kattalin Agirre eta Florentino Goikoetxea hernaniarraren hilobietan.
Bidasoa gurutzatu
12:00etan abiatuko da ibilaldia eta arratsaldeko 17:30ak aldera gurutzatuko dute Bidasoa ibaia, Saroia inguruan. Gaua Irunen eman ondoren, bihar iritsiko dira, Oiartzunen geldialdia eginda, 13:45ak aldera Larregainera.
Handik Osiñaga auzora joango dira eta 14:30ak aldera, oroitarrian omenaldia egingo diete hernaniar mugalariei. Ondoren, bazkaltzera joango dira indarrak berritzeko.