askatasun bidea. Horrelaxe esaten diote Comete Sarearen omenezko ibilaldiak egingo duen bideari. Izan ere, II Mundu Gerrako abioi gidari batek baino gehiagok bizirik jarraitzen du orduko Comete Sareko hainbat mugalarik, tartean euskaldun askok, bide hau egiten lagundu zietelako. Horregatik, azkeneko urteetan, urtero-urtero garai honetan omenaldia egiten diete orduko mugalariei, mugaz bi aldeetan.
Comete Sarea
II Mundu Gerrak iraun bitartean, erresistentziako zenbait kidek, alemanen jazarpenetik ihesi zetozenek, euskal muga gurutzatu behar zuten. Egoera horretan, nazien aurkako hainbat talde klandestinoren laguntza jaso zuten muga zeharkatzeko, eta aliatuen aldera itzultzen lagundu zieten. Iheslariak Gibraltar edo Afrika iparralderaino joaten ziren, eta handik Londres aldera itzuli. Iheslariak normalean Donibane Lohitzune eta Ziburun elkartzen zituen Comete Sareak, eta handik abiatuta, Bidasoa gurutzatuz, muga zeharkatzen zuten. 67 urte dira Comete Sarea sortu zela, 1941ean, eta indarrean jarraitu zuen alemanek 1944ko abuztuan Frantzia utzi zuten arte.
Ziburutik Oiartzunera eta Hernanira
Oroitzapen ibilaldira, aurreko urteetan bezalaxe, abioi gidari zaharren ordezkaritza bat eta Comete Sareko partaideak etorriko dira. Hala, sendi eta lagunek osatutako talde bat abiatuko da Ziburutik larunbatean. Oiartzunek ere izan zuen garrantzia garai hartan; horregatik aurten Comete taldea Oiartzunen geratuko da. Beste talde batek ordea, Hernani aldera jarraituko du, hain zuzen ELMS taldea, Escape Lines Memorial Society, orduko laguntzaile eta mugalarien memoria jasotzeko eta laguntzeko sortutako taldea. Beraz, ELMS taldekoak 11:15etan abiatuko dira Oiartzundik eta 13:45ak aldera iritsiko dira Larre-Gainera. Ondoren, Osiñaga auzoan elkartu eta bertan dagoen oroitarrian omenaldia egingo diete Hernaniko mugalariei. Ondoren, bazkaltzera joango dira indarrak berritzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero, honako helbidean: www.escapelines.com.