Haititik

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 9a, 02:00

Batzuetan badakizu behar den lekuan zaudela eta eman dezakezun onena ematen ari zarela. Badirudi denbora gelditu egin dela, ez iraganik, ez etorkizunik, momentua bizi duzu, besterik gabe. Hori bizitu dut Haitin. Haitiarrek gogoratu arazi didate zer den benetan garrantzitsua. Pobrezia dagoenean ez duzu ematen daukazuna, zarena baizik. Abilezia haundirik ez izan arren, daukazun onena ematen duzu, zure baliabiderik onenak, zure sormena bete-betean... eta horrela egiten diozu aurre egunerokoari. Haitin ikasi dut, zailtasunen aurrean, elkartasun haundiagoa sortzen dela pertsonen artean. Komunitateak sortzen dituzte eta denek elkarrekin aurrera egiten dute. Inor ez dago bakarrik. Ez dugu lan zehatzik egin. Sorostegi mediku batean izan gara; bertan pertsonak artatzen edo atenditzen genituen diru gutxiren truke eta behar zituzten botikak ematen genizkien dohainik (oso garestiak dira han); elikadura programa bat bazen eta hilabetean behin joaten ziren amei lagundu eta aholkatu egiten zitzaien; eta txikienekin jolasean aritu gara, hori baitzen beraiekin komunikatzeko modurik onena, eta agian, gehien behar zutena. Elkarte ezberdinak ere ikusi ditugu eta beren beharrak ezagutu etorkizuneko proiektuetarako. Ez genekien bertako hizkuntza, eta bertan izate hutsak, gure irribarreak eta hurbiltasunak elkarren arteko besarkadak, irribarreak, dantzak, kantuak eta jolasak eragin zituzten. Baina une latzak izaten dira. Gogorra da ume bat larri eta ama ospitalera joateko baliabiderik gabe ikustea. Gogorra da ume batek ezin izatea batxilerra ikasi eta ezin izatea nahi duen lanean aritu, eta ahal duten gutxiek herrialdetik alde egitea, ez dutelako lanik. Gogorra da ama asko borrokan ikustea beren ume mordoarentzat eguneroko jana lortzeko, aita kanpora alde egina dela. Gogorra da ikustea ume koskor askok eskola uzten dutela beren anaia-arreba txikiagoak zaintzeko eta beren eskubideak lapurtu dizkietela. Gogorra da ume batzuk kontsultara etortzea utzikeriagatik edota arreta faltarengatik. Gogorra da bihotzerre eta tripako minez etortzen den jende asko goseak ikustea. Gogorra da urakanak platanoak eramatea eta gosetea haunditzea. Gogorra da erremediorik ez izatea. Hala ere, borroka egiten dute, lan egiten dute eta pozik daude. Haitin bizitzeko ilusioa arnastu dut eta bizitza dagoen bitartean esperantza badago; halaxe esan zigun Jacmel, hartu gintuen herriko, Lavaneau parrokiko ardura duen aitak. 2008ko irailaren 1ean.

Joane Rodriguez Garcia,
Haitin kooperante aritutako hernaniarra.
(*Erredazioan euskeratua)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!