UDARAKO oporraldien ondoren Gazte Txokoa berriro ere martxan jarriko da. Kurtsoa behar bezala hasteko merienda egingo dute gaur eta hortik aurrera, beti bezala, gusto guztietako ekintzak antolatu dituzte.
Gazte Txokoa 12 eta 17 urte arteko gazteentzako udal zerbitzua da. Arratsalde partean bertara gerturatzeko aukera dute eta bertako begiraleek lagunduta, ekintza ezberdinak egiteko aukera izaten dute. Asteartetik larunbatera izaten dute gazteek bertan ibiltzeko aukera eta eskura izaten dituzte hainbat jolas eta azpiegitura: irakurketa txokoa, musika aparatuak, mahai tenisa, futbolina, jokoak eta elkartzeko txokoa, besteak beste.
Ekintzez betetako iraila
Ekintzez betetako iraila izango da Gazte Txokora gerturatzen direnentzat. Gaur merienda izango dute, eta bihar pin-pon txapelketa egiteko asmoa dute. Ostegunean jengan ibiliko dira, egurrezko piezez osatutako bloke batetik piezak kendu beharko dituzte, blokea bota gabe. Ostiralean Come mierda karta jokoan ariko dira eta larunbatean badmintonean.
Datorren asteetan ere izango da non denbora pasa. Play stationarekin jolasten, txapak egiten, masajeak ematen ikasten, irteerak egiten eta sukaldatzen ariko baitira, besteak beste.
Gazte Txokoa Aristizabal kalean dago (943-333212).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!