UDAL berdintasun Arloak eta Berdintasun Kontseiluak hasi berri den kurtso honetarako prestatu dituzten egitasmo ezberdinen berri eman zuten atzokoan, prentsaurrean. Azaldu zutenez, sei urte dira Udal Berdintasun Arloa sortu zela eta harekin batean Berdintasun Kontseilua. Erakunde hauek sortu zirenetik berdintasunaren alde lan egin dutela azaldu zuten: «emakumezko edo gizonezko izan, aukera berberak izan ditzagun lan egiten dugu. Jendartean bereziki kaltetuenak emakumezkoak izan direnez, bereziki emakumezkoen eskubideak, presentzia eta lana berreskuratzen jarri dugu indarra». Berdintasun Arloa sortu eta berehala aurreneko Berdintasun Plana adostu eta onartu zen. Ikasturte berri honetan bigarren plana osatu nahi dute. Horrez gain, kurtso hasiera honetan martxan jarriko dituzten beste hainbat egitasmoen berri eman zuten: Berdintasun Kontseiluaren funtzionamendua, emakumezkoentzako Jabetze Eskolak eta Izan Gizon gizonezkoentzako lantegia.
Ikasturte hasierako
kontzertua larunbatean
Jabetze Eskolen ikasturtea behar bezala hasteko kontzertu berezia antolatu dute larunbaterako, Leokako labaderoan. Iñaki Salvador-Ainara Ortega Quartet taldearen Te doy una cancion emanaldia izango da. Bertan Ainara Ortega Hernaniko abeslaria entzuteko aukera izango da, Iñaki Salvadorrek moldatutako autore kanta ezagunak abesten. Ainararekin batean, Iñaki Salvador izango da pianoa jotzen; Javier Mayor kontrabaxua jotzen; eta Hasier Oleaga bateria jotzen. Joan Manuel Serraten Mediterraneo, Benito Lertxundiren Bizkaia Maite, Mikel Laboaren Txoria txori, Pedro Guerraren Debajo del puente, Silvio Rodriguezen Rabo de nube eta beste hainbat kantu entzun ahal izango dira. Emanaldian bertan, Ana Pimenta antzerkigilea izango da hainbat olerki irakurtzen. Emanaldia Larunbatean izango da, gaueko 23:30etan, Leokako labaderoan.
Berdintasun Arloko kurtso hasierako egitasmoak:
BERDINTASUN KONTSEILUA:
Udal Berdintasun Sailarekin batera sortu zen kontseilua, duela sei urte. Kontseiluan berdintasunaren inguruko kezka duten emakume eta gizonak biltzen dira. Hausnarketarako espazioa izateaz gain, bertan zehazten dira Berdintasun Arloak aurrera eramaten dituen egitasmoak eta plangintza ugari.
ñ Ikasturte berriko aurreneko bilera, irailaren 16an, 19:30etan, Biterin. Foro irekia da.
JABETZE ESKOLAK:
Hirugarren urtez, emakumeei zuzendutako tailerrak jarri ditu martxan Berdintasun Sailak eta azaldu duenez, «Historikoki emakumeei presentzia, eskubideak eta gaitasuna ukatu izan dien antolaketa sozialaren ondorio da egun bizi dugun egoera. Emakumeok gure historia ezagutu behar dugu eta gizarte eraldaketa honen eragile nagusi izan». Berdintasun Arloak testuinguru horretan kokatu du Jabetze Eskolen funtzioa.
ñ Honako tailer hauek daude aukeran, eta izen emateko epea irailaren 25ean bukatzen da. Izena emateko: irantzu-j@hernani.net edo 943-337017-943-336802.
•Antzerkia: kale guztiak
Andrekale!
- Emakume sortzaileen lanak oinarri hartuta, antzezlan bat prestatuko dute. Asmoa da kalean antzeztea eta batez ere ondo pasatzea.
- Euskaraz edota gazteleraz. Astelehenetan, 18:00-21:00. Urriaren 13an hasita, 50 ordu. Matrikula 30 euro.
•Literatura eta emakumeak
- Emakumezkoen literatur tradizioa, gaiak, emakume idazleak garai bakoitzeko kultura nagusiarekin izandako hartu-emana ezagutzeko aukera izango da.
- Gazteleraz. Hileko 2. eta 4. ostegunetan. Urriaren 9an hasita, 30 ordu. Matrikula 30 euro.
•Historiaren feminismoak han eta hemen
- Emakumeek lorpenak izan dituzte azken urteetan eskubide lorpen aldetik, urteetan borrokan ari diren femenistei esker. Feminismoaren historia ezagutzeko aukera izango da.
- Euskaraz. Asteartetan, 19:00-21:00. Urriaren 7an hasita, 20 ordu. Matrikula 15 euro.
•Txanogorritxuren sedukzioa
- Norberaren seduzitzeko eta gozatzeko modu petsonala landuko da eta egungo gizarteko sexu estereotipoak aztertu.
- Euskaraz. Urriaren 31n (18:00-21:00) eta azaroaren 1ean (10:00-13:00; 15:00-18:00). 9 ordu. Matrikula 6 euro.
IZAN GIZON: EGIOK AURRE SEXISMOARI LANTEGIA:
2006an hasi zen martxan gizonezkoentzako taller edo lantegi hau. Astero bildu eta sexismoaren inguruko gaiak jorratu izan dituzte bertan elkartutakoek: neskamutilen gizarteratze prozesuak, estereotipoak, rolak, bikote harremanak, emozioak, haurtzaroaren eraginak, homofobia, emakumeen aurkako tratu txarrak, eta abar. Helburua batak bestearengandik ikasi, eta norbere ikuspuntuaren gaineko hausnarketa egitea da.
ñ Izan Gizon lantegiko aurreneko hitzordua irailaren 30ean izango da, 18:30etatik 21:00etara, Biterin. Bi astean behin bilduko dira.