MARIA TERESA CUEVASekin hizketan... «Hernani munduko herririk zoragarriena da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 7a, 02:00

Aspaldikoa da Cuevas farmazia Hernanin.
Bai, gaur egun dauden negozioen artean gure farmazia zaharrenetakoa izango da. Gogoratzen dut Portalondon ikuilua zutela eta behiak sartzen zituztela bertan, baita zaldia ere, Txiki zuen izena zaldiak... Eta Portalondoko Angelita Zubillagaz ere akordatzen naiz.

Ordurako Adarraga ere hor izango zen.
Bai, baina ez orain dagoen lekuan, baizik eta Plaza Berri eta Kale Nagusiko ixkinan. adarragatarren amona ezagutu nuen nik, Margarita. Jose Adarraga eta Margarita ziren, Luis eta Peperen gurasoak; bi anai ziren adarragatarrak, bi ahizparekin ezkonduak, Benita eta Tomasa... Denda bat zuten...

Zein oroitzapen dituzu farmaziakoak?
Gure botika beti fama haundikoa izan zen. Astigarragatik, Ergobiatik, Urnietatik etortzen zen jendea, bazter guztietatik. Gure aita, farmazia ireki zuena, ospe haundiko gizona izan zen; botikari ona zen. Gero nire ahizpa Marinak jarraitu zuen eta orain nire alaba Maria Josek jarraitzen du.

Non eta noiz jaio zinen?
Ni 1916an jaio nintzen; 92 urte egingo ditut; Hernanin jaio nintzen, orain farmazia dagoen etxetxoan, Plaza Berri-Atzietako ixkinan. Jakina, etxe txikia zen, oso apala. Atera kontuak, zenbat urte dituen farmaziak.

Nortzuk bizi zineten garai hartan etxean?
Nire gurasoak, aita Jose Cuevas botikaria, eta ama Clotilde Dañobeitia; Marina ahizpa, gero botikaria izan zena, eta neroni.

Gero kanpoan bizitu zinen?
Bai, ezkondu eta Nafarroara joan ginen bizitzera, 15 urtez, eta gero itzuli egin ginen. Hernani munduko herririk zoragarriena da. Kanpoan ginenean nik esaten nien nire alabei: «ni gaizki ikusten nauzuenean, zer nahi ote du pentsatuko duzue. Badakizue zer nahi dudan? Farmaziako ixkinara eraman eta han esertzea...». Izan ere, ixkina hartan oso tertulia famatua izaten zen, terraza bat bezalaxe zen... Gure kalean ziren... farmazia, Portalondorekin ixkina eginez; (…) gero Banco Guipuzcoano egin zuten, baina aurretik ez zegoen ezer Arbelaitz etxeraino; Karkaba; segidan Sarasketaren etxea zegoen... Florencio Sarasketa, betiko medikua... Malluren etxearen ondoren, iraolatarrak zeuden... Segidan notarioaren etxea zegoen, Lopez de Zubiriatarrena. Hortxe bukatzen zen kalea Zinkoeneako beheko ixkinaraino, eta han zuaznabartarren etxea zegoen.

Farmazian lan egin zenuen?
Nik ez. Nire ahizpa Marinak jarraitu zuen negozioarekin.

Zein urtetan ireki zen botika?
Nik beti esaten dut gure farmaziak ehun urte badituela, baina ez da egia. Nik uste dut 1913an edo 1914an ireki zela gure farmazia. Beraz, 2013 edo 2014an beteko ditu 100 urte.

Zein bezero mota gogoratzen duzu?
Denetarik. Orduan Hernani fabrikaz betetako herria zen, langile herria. Bi papelera zeuden, bi edo hiru. Lehenengoak Mendia eta Eziagoko papelera ziren… ez dakit zein den bere izena orain. Zikuñagako papelera du izena orain. Amabirjina zegoen hartan. Eziago zuen izena. Emakumeek lan egiten zuten, familiako amak; Hernanin jende guztiak egiten zuen lan. Enpresen jabeak ziren familiak ere bizi ziren; mendiatarrak, Mendia papelerakoak… Izen oneko familiak baziren: ubarretxenatarrak, hidroelektriketako jabeak… Orduan langileak eta jabeak zeuden. Garai hartan herrietan bizi zen jendea, ez orain bezala, orain jendeak alde egiten du… Zein oroitzapen dituzu Hernanikoak? Bezeroekin genuen hurbiltasuna, oso familiartekoa. Denak bat ginen… familia bat ginen, denok elkar ezagutzen genuen, bataren eta bestearen penak ezagutzen genituen, dena… baita pozak ere! Izan ere, haiek jaiak haiek! Haiek San Joanak! Ez dut uste oraingo San Joanak ordukoak bezain alaiak direnik. Haiek kalejirak! Oso alaiak ziren! Txarangak gogoratzen ditut, herri osoa kalean, kalejiran, San Joan Martxa… bakarrik nagoenean isilean abesten dut.

Elkar ezagutzen zenuten denak?
Bai. Beste mundu bat zen; orain indibidualistagoak gara. Begira, gaur Julen Madina ikusi dut telebistan... Nik ezagutu nuen bere aitona, Madina konfiteroa. Plazan zuen konfiteria. Ardo almazena ere bazen, Rita eta Amparo Rezola ahizpak izaten ziren han.

Nolakoa zen bizimodua?
Oso umil bizi ginen denok; pentsa, duela 90 urte. Bizimodu xumea zen. Otorduak… Zer jaten zuen jendeak orduan? Ba... potajea, eltzeko gauzak… jakina, orduan ere ezberdintasunak baziren, orain bezalaxe. Bazegoen luxuak izan zitzakeenik, negozioen jabeak eta, baina orokorrean oso bizimodu xumea zen…

Donostiarekin harreman haundia zenuten?
Hori bai, beti Donostiarekin harremanetan; tranbia gauza ederra zen, hark lotzen gintuen. Aurrerago Renfe jarri zutenean, tren elektrikoa esaten geniona, eta Hernaniko apeaderoa egin zutenean… Orduan jendea Donostian lan egiten hasi zen, Apaolazatarrak eta… Beti izan gara Donostiarekin harremanetan, baina ez orain bezala jakina… Esate baterako, orduan Hernanin kotxea Victor Otxotorena taxistak bakarrik zuen; berak eramaten zituen gaixo zeudenak... denak!

«Orduan eskuz egindako formula asko zegoen farmazian»
Gogoratzen al zara nolakoa zen farmazia? Zein produktu saltzen ziren?
Orduan eskuz egindako formula asko zegoen. Produktu espezifiko gutxi zegoen, produktu naturala erabiltzen zen eta erruz egiten zuten lan. Dena, farmazian zeuden botika guztiak, jarabeak, pilulak, edabeak... denetarik egiten zen. Mutil bat izan genuen betidanik gurean aritu zena, ezkondu zen arte, Sandalio Landaribar.... Portalondoko Angelitarekin ezkondu zen gero... Orduan denak ziren eskuz egindako formulak, formulas magistrales esaten zitzaien. Baita enplastoak ere, pilulak, supositorioak… dena. Ontzietan datozen produktuak aurrerago etorri ziren; gure ama bizi zela egin zuten lehenengo bitrina eta han jarri zituzten produktu berriak: Famel jarabea, Ceregumil-a…

Zein produktu saltzen ziren gehien?
Asko; lasaigarriak, garbitzaileak, tila… ez orain bezala; orduan belar asko erabiltzen zen.

Sagar jarabea ere ordukoa da, ezta?
Ah bai! Sagar jarabea, laxanteak, errezino olioa… Ai! Ditxosozko errezinoa!

Ditxosozkoa, zergatik?
Ikaragarri txarra zelako! Nazkagarria zen!

Besterik gogoratzen duzu?
Bakailao gibelarekin egindako olioa ere saltzen zen, indar berritzeko.

«Olentzerok orduan, opariak ekarri beharrean eraman egiten zituen: ardoa, hirugiharra...»
Maria Teresa Cuevasek Hernanin eman zituen haurtzaro eta gaztaroa. Ondo gogoratzen ditu umetako jolasak, orduko lagunak eta Biteri eskola.

Herria nola aldatu den ere ikusi duzu...
Beno, hutsune haundia ere badut, izan ere, 23 urterekin joan nintzen Hernanitik eta 37 urterekin bueltatu. Nik Hernaniri buruzko aspaldiko irudia dut, nire haurtzaro eta gaztarokoa. Gero herria asko aldatu zen etxe asko egin ziren, botika berria, eta gero egin duten guztia, Urumea kalea… Niretzat Kardaberaz kalea Urumea kalea baita, hernaniarrontzat hori Urumea kalea baita… kartela ere jarri zuten izenarekin.

Andrekale izena ezaguna al zaizu?
Nik badut orduko botikako kutxatxoren bat jasoa eta kalearen izena Urumea zen. Andrekale izena ez zait ezaguna egiten. Leoka, Fueraportales, Atzieta, horiek bai. Eta Karkaba, Urumea eta Kale Nagusia lotzen zituena, horiek bai. Denda bat zuten han bi lagunek, ixkinan bizi ziren bi emakumek; Nati Agirre zen bat, emakume altua, ederra. Bera han bizi zen, baina denda lehengusu batzuena zen; komestibleak zituzten ixkinan, Urumea eta Karkabako ixkinan.

Zein eskolatan ikasi zenuen?
Bai. Ni ume nintzela jarri zuten eskola graduatua, Biteri eskola.

Ordurako Biteri eskola bazen?
Bai, bai. Ni umetan Biteri eskolara joan nintzen, 7-8 urterekin. Gero 9 urterekin kolegiora joan nintzen, batxilergoa egitera. Jose Gay Mur, nongo irakasle zela uste duzue? Eta Presen Miner ere, hango irakaslea zen. Gogoratzen dut noiz ireki zuten eskola, 1925-1926an gutxi gora-behera. Eta Filomena Pamies nesken eskolako zuzendaria zen; ni berarekin aritu nintzen.

Zein adinera arte ikasi zenuen?
Eskolan bederatzi urte arte, gero kolegiora joan bainintzen batxillergoa egitera, Marianistetara, interna. Ahizpa ordurako han zegoen.

Eskola eta kolegioa ezberdintzen dituzu?
Bai, orduan eskola publikoa baitzen eta kolegioa pribatua. Nola ez dugu ezberdinduko? Bata publikoa zen eta dohainik joaten zinen, estatuak ematen zuen; bestea berriz, pribatua zen eta patrika ederki astindu behar zen.

Nortzuk gogoratzen dituzu ordukoak?
Jose Gay Mur mutilen eskolako zuzendaria zen. Ordurako, eskola graduatuan, neskak alde batetik, eta mutilak bestetik jartzen zirelako; oso ondo bereizia zegoen. Nesken eskolakoa berriz, Filomena Pamies zen. Ni akordatzen naiz eskolan Cristina Egiguren Guardarriosekin izan nintzela. Eta Ttonttorritos esaten zioten irakasle bat ere bazen; horrela esaten zioten ttonttorra eramaten zuelako, moñoa. Agustina Martikorena ere irakaslea zen baina ez eskola hartan, baizik eta Diputaziokoan, Fueraportalesen.

Biteri eskolako konturik gogoratzen duzu?
Gustura joaten ginen. Marina, ahizpa, ez zen joan, ordurako kolegioan baitzegoen. Nik uste dut ni izan nintzela lehenengoetakoa, 7-8 urterekin.

Ordura arte eskolara joan gabe?
Ez, joaten ginen, baina ez eskola graduatuetara. Orduan dena bat zen. Graduak jartzea eta hori aurrerago izan zen. Orduan txikiak, parbuloak eta haundiak ziren. Eta igandeetan mezatara joaten ginen eskolakoekin.

Eta umetan, zertan jolasten zineten?
Espaloian… txingoan, diaboloan, saltaperikoan, Sagarra mantzana (abestuz) abestia sokasaltoan aritzeko abesten genuen… Ttabak berriz, etxeko jolasa zen, kalean gutxi. Gogoratzen dut nortzuk ginen: Pepita Sarasketa, Purita Alkain eta ni, eta Sarasketa etxean elkartzen ginen beti, lorategia baitzuten kolunpio eta guzti; Villa Mercedes-en.

Bizikletarik bazen orduan?
Uste dut ni izan nintzela Hernaniko lehenengo neskatoa bizikleta izan zuena. Aitak erosi zidan GAC bat Eibarren.

Orduan opari gutxi izango zen. Errege Egunik ospatzen al zen orduan?
Bai. Gogoratzen dut umeak Erregia dator kantatzen ibiltzen zirela. Olentzero etortzen zela ere akordatzen naiz; etortzen zen eta taberna batean geratzen zen, Zinkoeneako ixkinan, Kale Nagusiaren bukaeran.

Orduan, haragi-hezurrezko Olentzeroa zen?
Bai, bai, ikazkina. Bizkarrean eramaten zuten, farolekin… Ikazkina zen, benetakoa. Eta ez zuen oparirik ekartzen. Ez zuen ekartzen, eraman egiten zuen.

Nor zen zuentzat Olentzero?
Bera etortzen zen berri ematera, ohitura zelako. Baina horrez gain, aginaldoa eskatzera etortzen zen eta gauzak ematen zizkioten. Orduan maizterrak nagusien etxeetara etortzen ziren eta kapoiak eta abar ekartzen zituzten… Eta horrez gain, nagusiek aginaldoa ematen zieten maizterrei.

Eta zer eramaten zuen Olentzerok?
Jendeak ardoa, hirugiharra, lukainkak eta beste ematen zizkion.

Medikuekin ere bazegoen hartu-eman hori, ezta?
Bai, opariak ematen zitzaizkien. Mediku eta gaixoaren arteko harremana oso ezberdina zen orduan. Ez dut esan nahi hobea edo okerragoa zenik. Teknikoki eta zientifikoki seguru aski orain hobea izango da, baina harremana bera zuzenagoa zen orduan, familiartekoagoa. Medikuak orduan behar asko ikusten zuen eta tarteka zertxobait uzten zion gaixoren bati burukoaren azpian. Harremana beste era batekoa zen. Lehen medikua egunero joaten zen etxera; gripe huts batengatik 9-10 egunetan joaten zen medikua edozein etxetara.

«Guretzat, umeontzat, jostailua zen tranbia»
Tranbia, dantzaldia, Hernaniko feria edo lantegiak ondo gogoratzen ditu Maria Teresa Cuevasek.

Tranbiaren inguruko oroitzapen asko dituzu?
Ikaragarriak. Gogoratzen dut tranbia, maniobra egiteko, askaraino iristen zela. Orduan hazienda baitzen herrian bertan… familia batzuk ukuilua zuten; oatarren etxea baino lehen ukuilu bat zegoen, nik uste, azkenetakoak izan zirela ukuilua kentzen, eta jakina, hazienda aska hartara joaten zen ura edatera. Tranbia ez zen Plaza Berrin geratzen, bukaeraraino joaten zen, zubiriatarren etxe pareraino, patata sal-tzaileen etxe pareraino, eta han egiten zuen maniobra itzultzeko… Guretzat, Hernaniko umeontzat, jostailua zen tranbia, geldirik zegoenean igo eta jaitsi ibiltzen ginen…

Gogoratzen duzu jendea Adarraganean txokolatea hartzen?
Bai. Espaloian jartzen zituzten mahaiak; orduan espaloia zabala zen. Han zeuden Adarraga eta Hernani taberna; gero egin zuten Caja de Ahorros-a. Espaloian jartzen zituzten mahaitxoak, oso politak, launa aulkirekin. Udarako topalekua zen, Adarragara joan eta txokolatea eta boladuak hartu. Adarragan txokolateak eta fiambre edo jaki hotzak ematen zituzten. Kartelak hala zioen: Chocolates, refrescos y fiambres.

Udarako topalekua zen, beraz?
Bai. Orduan kanpoko familiak bi eta hiru hilabeterako etortzen ziren udaran eta sekulan ez zuten kale egiten; beti etortzen ziren Adarraganera txokolatea hartzera.

Hernaniko jenderik izaten zen?
Kanpotarren bat etortzen zenean, bisitariren bat, orduan Adarraganera eramaten genuen… Baina hasieran ez, hasieran udatiarren lekua zen, gero aurrerago bai, edonor etortzen zela ere, hara joaten ginen txokolatea hartzera.

Dantzaldirik ba al zen orduan?
Beti izan da dantzaldia Hernanin, Tilosetan; dantzaldi oso ezaguna. Eta ni ume nintzela kafetegi txiki bat ere bazegoen Plaza Berrin, taberna, piano eta guzti; Zabala-Jauregi zuen izena etxeak. Han asko dantzatzen zen; jende dotorea joaten zen dantzara. Hernani beti izan da herri famatua.

Zer gehiago gogoratzen duzu dantzaldiari buruz?
Neguan Plazan izaten zen, arkupean. Banda arkupearen lehenengo partean jartzen zen, epaitegira igotzeko leku hartan. Neguan plaza lepo izaten zen, jendea guardasolekin, arkupean. Eta udaran Tilosetan… Jende asko etortzen zen, Donostiatik izugarri eta ingurutik, Urnietatik… Hernanik orduko morala ez zuen betetzen; Urnietako apaizak urnietarrei esaten zien ez pasatzeko Hernaniko arkutik, pekatua zegoela beste aldean.

Feria gogoratzen duzu?
Hernaniko feria zoragarria zen: barazkiak, hazienda… denetarik zegoen. Inguruko baserritar guztiak Plaza Berrin elkartzen ziren eta postuak jartzen zituzten: landarea, hazia, oilaskoak, baserriko produktuak eta erremintak eta saskiak… Gogoratzen dut Urnietako saskigilea, artisau familiakoak ziren, ostegunetan etortzen ziren eta Portalondoko ixkinan jartzen ziren eta jende guztia hara etortzen zen saskiak erostera.

Zein leku gogoratzen dituzu?
Parrokia… Eta Miguel Mendikute nire haurtzaroko parrokoa… Haiek hiletak! Haiek meza dotoreak! Eta koroak! Hura zen kantatzea, hura! Orduan Jesus Zubimendi zen organista; nik lagun haundia nuen. Udaletxea ere gogoratzen dut; beti izan da eraikin ederra eta hernaniarrak beti egon gara harro gure udaletxearekin. Pentsatzen dut txistuak jarraituko duela igandero kaleetan barrena. Orduan nire aita atarira ateratzen zen eta txalo egiten zien. Nicolas Zubillaga txistularia zen eta pentsatu zenbat maite zuten nire aita txistulariek, aita hil baino bi egun lehenago, Errege Egunean, bera 8an hil baitzen, erronda egin ondoren, etxera etorri zitzaizkion, ohean zegoela eta pieza bat jo nahi ziotela… a ze detailea! Herri maitagarria! Denok ezagutzen genuen elkar! Zintzotasuna zinea ere gogoratzen dut, ireki zutenean…

Non zegoen zinea?
Orain apaiz etxea dagoen horretan; Tilosetan, Milagrosa ospitale aldera joateko eskailerak jaitsita, eskuinetara; eraikin bakarra zen.

Zein pertsona gogoratzen dituzu?
Juanito Olano gogoratzen dut, Malluren anaia; gazterik hil zen, 52 urterekin. Txiki-txikitatik eskolako pizkorrena izan zen. Talentu haundiko pertsona zen, eta esfortzu galanta eginda bere burua asko jantzi zuen, benetako autodidakta izan zen! Gizon garrantzitsua izango zen, heriotzak eraman ez balu. Gabriel Olaizola gogoratzen dut, opera abeslaria, herriko semea; Milanen abestu zuen. Hernanin bizitu eta hil zen. Gregorio Mendia ere gizon haundia zen niretzat txikitan. Gizon eskuzabal eta ongilea zen. Ez zegoen ezbeharrik berak lagunduko ez zuenik… Gogoratzen dut umetan, halako erori dela, eta Gregorio Mendia han zegoen beti…

Lantegiak gogoratzen dituzu? Oraindik jotzen al du sirenak?
Lehen beti jotzen zuen. Zelofana Zikuñagako papeleran egin zen lehenengo aldiz. Sekulako iraultza izan zen zelofana! Papelera oso garrantzitsua izan da. Egunkari nagusietako papera Hernanikoa zen. Morencos y Carrero puntua egiteko fabrika ere gogoratzen dut; almidoi fabrika ere bazen; gailetak egiteko fabrika ere bai; Baldosilla ere oso garrantzitsua zen, material erregaitza egiten zuten, beste inon egiten ez zena; Hernaniko jende askok egiten zuen lan han. Fernando Montesen kurtitu fabrika ere bazen…

Hernaniko lehenengo ile apaintzailea ezagutu zenuen…
Bai, Jose Erdozia. Emakumeentzako lehenengo ile apaintzailea. Bere bezeroa izan nintzen. Gero Donostiara joan eta sekulako arrakasta izan zuen.

Non zegoen ile apaindegia?
Donostian Elkano kalean; eta Madrileko aristokrazia guztia borrokan aritzen zen udaran bere ile apaindegira joateko. Eta Hernanin berriz, Portalondo ondoko etxean zegoen, Urumea kalean gora abiatuta. Hor Leibar izeneko barberia zen, eta orduan Polo zen hango ileapaintzailea; Ile apaindegiaren atzeko aldea hartu, barberia luzatu Atzietaraino, eta hantxe jarri zuten emakumeentzako ile apaindegia, eta hantxe izaten zen Jose Erdozia.

Paradorea gogoratzen duzu?
Oso berria da. Antonio Doroudier-ek egin zuen, Villa San Antonikoa zen, frantsesa. Erlazioren bat zuen Hernaniko familiaren batekin eta herrira etorri zen. Iruñako arkitekto batek egin zuen, Victor Eusak. Doroudier-ek negozio bat izan zuen denbora askoan Donostian; Plisatuak egiten zituzten eta oso garrantzitsua izan zen denda.

Ingelesak etortzen omen ziren Hernanira udara pasatzera…
Bai. Hotela zegoen Plazan, Hotel Terraza zuen izena. Udaletxeko kantoian zegoen; kamineroaren etxea zegoen, telleriatarrena, eta segidan hotela. Sekulako arrakasta zuen, hotel txiki eta goxoa zen. Gure ama hotelera joaten zenean, bertan zegoen ezagunen bati bisita egitera, dotore janzten zen; pianoa ere bazegoen eta jo egiten zuten. Sevillako Dukea izan zen urte batean udara pasatzen. Ez zen XX. mendeko hotela, XIX. mendekoa zen. Eta hotelean telefonorik ez izaki, botikara etortzen ziren hotelekoak telefonoz deitzera.

Telefono bakarra zen herrian?
Ez, Adarragatarrek ere bazuten. Oraindik jasota daukat 1936 urteko Gipuzkoa osoko telefono liburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!