hernaniko Futbol Eskola kurtso berria hasteko prest dago. Eskolak 1997 eta 2002 urte bitartean jaiotako umeei zuzendutako futbol eskolak dira. Gazteek tituludun entrenatzaileak izango dituzte irakasle.
Astean behin edo bitan
Ikasleak astean egun batean edo bitan joan daitezke futbol eskoletara: astearteetan, ostiraletan, edota astearte eta ostiraletan. Ordutegia honakoa izango da egun guztietan: 17:15etatik 18:30etara.
Entrenamendua bakarrik ez
Izen ematen duten gazteek entrenamenduez gain, datorren udaran kirol udalekuetara joateko aukera izango dute; kirol materiala eskura izango dute eta horiez gain, futbol eskolen arteko txapelketetan parte hartuko dute asteburuetan.
Izen ematea datorren astean
Futbol Eskolan izen emateko epea etzi irekiko da eta irailaren 22ra arte, astelehena, luzatuko da; izena eman nahi duenak, Zubipe futbol zelaitik pasa behar du, arratsaldez. Kurtsoa hilaren 30ean, asteartea, hasiko da astearteetan bakarrik edo bi egunetan egin nahi dutenentzat; ostiraletan bakarrik egin nahi dutenentzat urriaren 3an, ostirala, hasiko da. Aldez aurretik ikasleen gurasoekin bilera egingo da Hernaniko Biteri kultur etxean, irailaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan.
Harremanetan jartzeko
Zubipeko ikastaroen koordinatzailea Jordi izango da eta interesa duenak Zubipeko telefono zenbakira deitu dezake, 943 33 60 12 zenbakira, edota helbide honetara idatzi: futboleskola@cdhernani. com.
Kuotak eta deskontuak
Interesdunek honako kuotak ordaindu behar dituzte: matrikula 20 euro dira; horrez gain, hilabete bakoitzeko 27 euro ordaindu behar dira egun bakarrean joanez gero, eta 42 euro bi egunetan joanez gero. Bi edo anaia-arreba gehiago izanez gero, %10eko deskontua izango dute izen ematen dutenek.