Hernaniko zaindariaren gotorlekua berreraikitzen

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 6a, 02:00

Erreportajea: Leire Goñi

«HIK hire musika taldea jotzera ekartzen baduk, nik festak antolatuko dizkiat!». Esan eta egin. 11 urtez Hernanik bere zaindariaren gotorleku zeneko auzoko festak ahaztu zituela bazirudien ere, Arkaitz Larrañaga eta Patty Nabais inguruetako jairik onenetakoak omen zirenak berreskuratzeko prest agertu ziren. Hasiera guztiak zail xamarrak izaten dira ordea, eta 2006ko lehen saiakera hartan ez zuten auzotarren konfiantza handirik lortu. «1995ean ospatu ziren azken aldiz Zikuñagako jaiak, eta egia esan auzoko zaharrek gogoratzen dituzten festa zoragarri haiekin antza gutxi izan zuten». Orduz gero, pare bat aldiz antolatu dira haurrentzako jolas batzuk, baina ez beste ezer. Gauzak horrela, 2006an Zikuñagako festak berreskuratzeko prest agertu zirenean, Zikuñaga bertako jendea izan zen mesfidati azaltzen lehena. «Aspertuta zegoen lagun koadrila bat ginela uste zuten denek», oroitzen dute Arkaitzek eta Pattyk, «eta behin jaiak antolatu ondoren zoro-haizea pasa eta guztia bertan behera utziko genuela sinistuta zeuden denak, momentuko beroaldi bat zela uste zuten». Baina ez! Eta dirudiena baino lan gehiago eskatzen badu ere, Zikuñagako Auzo Elkarteak lan egiten jarraitzeko gogoa adierazi du, ea Zikuñagako jaiek garai batean zuten sona handi hura berreskuratzen duten! Behin Gabonetako oporrak pasa ondoren martxan jartzen dute burua. Festetako programari hasierako itxura ematen saiatzen dira urte hasieran, hainbat talde lotuta izateko ezin baita azken momentura arte zain egon. «Gauza jakina da Euskal Herrian uda partean jai ugari izaten dela txoko guztietan. Azken momentura arte zain egonez gero, musika taldeak, haurrentzako jolas-taldeak edota dena delakoak kontratatuta egoten dira jada, eta ezer gabe geratzeko arriskua izaten da». Horrexegatik hasten dira horren goiz antolakuntza lanetan. Dirua biltzeko ere hainbat bide erabiltzen dute: gertuko lagunei eskatu, inguruko sagardotegi, enpresa eta tabernariei laguntza eskatu, kamisetak saldu, herri-afarirako txartelak saldu... «Azkenean bost-sei hilabeteko lana izaten dugu, eta hala ere, azken momentura arte kirioak dantzan izaten ditugu, guztia ondo antolatuta ere, azken momentuko ezustekoak izaten baitira beti!». Baina lanak lan, aurreko bi urtetako parte-hartzea ikusita, ahalegin guztiak merezi duela ikusi dute. `2006an gutxi batzuk hasi ginen, gure egoskorkeria zela eta festak aurrera ateratzeko ahaleginarekin. Auzotarrek benetan ari ginela ikusi zutenean, ez zuten dudarik egin berehala laguntzen hasteko. Horrela, gu ere parte garen Auzo Elkarteko eta Errapia artista taldeko jendea martxan jarri zen`. Ahalegina ez da makala, eta esker onez jasotzen dute laguntza. Urte batean buruhandiak sartu zituzten programan, baina noski, buruhandiak egin, egin behar izan zituzten. Beste batean pilota partiduak antolatu zituzten, eta frontoirik ezean, egurrezko muntaia bat eraiki zuten, kolore berdea eta zenbakiak bezalako detaile txikienak ere ahaztu gabe. «Jendeak ikusi du lan egiteko prest gaudela, eta berehala inguratu da laguntzera. Lehenengo urtean, herri-afariaren ondoren kezkatuta geunden, afaldu genuen plaza berean musika kontzertua baitzetorren segidan, eta guztia jaso eta txukundu beharra zegoen. Eskatu beharrik gabe, mundu guztia altxa eta lanean jarri zen! Zoragarria da auzotarren gogoa eta inplikazioa ikustea!». Pixkanaka festak indarra hartzen ari dira eta gaur egun kanpoan bizi diren baina auzotarrak izan diren askok eskerrak eman dizkiete antolatzaileei. `Giro oso ona sortu da, guztiak parte hartzeko prest agertu dira, haurrak ere gero eta gehiago dira auzoan eta horiek guztiek erraztu egiten dute festen indartzea`. Gainera, urtero ezusteko bat prest izaten dute antolatzaileek. «Lehengo urtean auzoko argazki zaharren erakusketa bat antolatu genuen, eta jende askoren ikusmira sortu zuen. Aspaldi bertaratu gabeko auzotar asko gerturatu zen jakin-minak bultzatuta». Hori aprobetxatuta, eta jaiei lekurik kendu gabe, antolatzaileak ideia berri batekin azaldu dira aurten. Zikuñagako Ama eta Ermitaren historia ezagutzera emateko erakusketa bat prestatu dute. «Hori izango da aurtengo sorpresatxoa. Erakusketara sartzeko Ermitaren kopia den 5 metroko kartoizko muntaia bat eraiki dugu. Hernaniko elkarte eta partikular asko pozik agertu dira proposamenarekin, eta askok gordeta zituzten dokumentu eta argazki zaharrak utzi dizkigute. Horrela, gure historiaren zati garrantzitsu bat izan dena berreskuratu nahi genuke».


Zikuñagako Ama, hernaniarron zaindari

HERNANIAR gazteenek ez dute ezagutu ere egin Zikuñagako Ermita. Baina, zahartxeagoak diren askok oroimeneko txoko goxo batean gorderik eta bizirik dute oraindik Zikuñagako Amaren gotorlekuko fatxadaren irudia. Ama Birjina bera ere maitasunez gogoratzea ez da zaila hernaniar, eta batez ere, Zikuñagako auzotar gehienentzat. Izan ere, hernaniarron zaindaria izateaz gain, bere itxura bereziak eta inguratzen duen istorio misteriotsuak ahaztezin bihurtu dute. Zikuñagako Ermita Hernaniko zaharrena zen, titulu hori sarri San Agustinen komentuari ezarri bazaio ere. Idazki batzuetan lehen aldiz 1530. urte inguruan aipatzen da ermitaren inguruko zerbait. Fatxada oso berezia zuela gogoratzen dute zutik ezagutu zuten guztiek, eta oraindik harriak gordeta daudela uste dute beste batzuek. Garai batean fama handia izan zuten bai Ermitak eta baita Ama Birjinaren irudiak ere. XVII. mendean hiru prozesio egiten ziren Ermitara Zikuñagako Ama gurtzeko; egunik bereziena Zikuñagako Amaren eguna, irailaren 8a, zen. Hernaniko Portu auzora Urumea ibaia zabal-zabal iristen zen garaian ere, bertatik txalupetan pasatzen ziren itsas-gizonek ere geldialdi bat egiten zuten, Zikuñagako Amari ofrenda egiteko. Indar eta fama handia izan zuten, eta horren adibide dira Ermitaren jabegoa osatzen zuten lur-eremu zabalak. Garaiko jauntxo eta gizon dirudunek ere gogoz gurtzen zuten irudia, eta mantentze lanetarako diru eta lan asko ahalbidetzen zuten. Debozio horrek urtetan bizirik iraun zuen, Pattyk berak oroitzen baitu txikia zenean amak Ermitara eramaten zuela burua horma batean zegoen zulo batean sartzeko: «modu horretan buruko minak, edota mota guztietako minak sendatzen zirela sinesten genuen». 1954. urtean hernaniarron zaindari izendatu zuten Zikuñagako Ama, baina bere irudia askoz ere zaharragoa zen, dudarik gabe. Pedro Anasagasti frantziskotarraren iritziz, XIII. mende ingurukoa izan zitekeen. Adinaz gainera, irudiak bazuen beste berezitasun bat: beltza zuela aurpegia. 68 zentimetro neurtzen zituen eskultura zen, eskuan fruitu bat heltzen zuena, granada bat ustez, eta kolore beltzekoa. Gipuzkoako Ama Birjina beltzaran gutxietako bat zen. Horregatik akaso, Euskal Herriko Ama Birjinak ikertzen denbora eman duen Luis Murugarrenen ustez, eskultura aspaldian urrutiko lurralderen batetik ekarria izan zen, mairuen lurraldetik, alegia. Gaur egun aski ezaguna den Zikuñagako paper-fabrika dagoen lekuan zegoen ermita. Paper fabrika eraiki eta handitzen ari zen heinean, gero eta leku gehiago eskatzen zuen. Hala, 1974ko uztailaren 4an, apezpikuak fabrikari saldu zizkion ermita eta berari atxikitako lurrak. Urte batzuen ondoren, 1979ko Ostegun Santu gauean hain zuzen, Zikuñagako Amaren irudia desagertu egin zen. Gaur egun oraindik argitu gabeko kontua da. Batzuen ustez irudia lapurtu egin zuen norbaitek. Baina bada ermitaren salmenta zela eta Zikuñagako Ama haserretu eta irudia bere kabuz ezkutatu zela sinesten duenik ere. Urte gutxira Ermitaren zati bat erori egin zen, eta azkenean, 1987ko uztailaren 4an bota egin zuten. Bada jendea uste duena Zikuñagako Ermitaren harriak paper-frabikan daudela. Esate baterako, 1988ko irailaren 8an Ignazio Iruin Izagirrek El Diario Vasco egunkarira bidalitako eskutitzan aipatzen du, ustez, ermita botatzean fatxadako harriak Zikuñagako paper fabrikan gorde zirela, eta Euskal Gobernuko Turismo eta Kultura Departamentuak Ermita berreraikitzeko hiru bide aurkeztu zituela. Bata, aukeratu ez zena, Ermita zegoen lekuan uztea zen. Bigarrena, leku berri batean berreraikitzea zen. Eta azkena, paper fabrikan bertan berreraikitzea. Kontuak kontu, Amarbirjinak desagertua jarraitzen du, baina ez Zikuñagako Amaren inguruko festak eta oroimenak. Aterpe bertsolariak bere bertsoetan jaso zuen moduan, hernaniarrek ere gogoan dute oraindik beren zaindaria den Zikuñagako Ama.
«Ermita bat bagendun, herrian antzina, Zikuñagako Ama bertako Birjina, horrenbeste mesede herriari egina, baina basati batzuk hartu zuten grina, beraren falta degu guk hartu ezina»
OHARRA: Hernaniko Kronikak 2000garren urteko irailaren 8an gai honi buruzko erreportaje txiki bat argitaratu zuen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!