Bi arraunlari hernaniar Kontxako Banderan izango dira, San Pedro eta Hondarribia sailkatu ondoren

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 6a, 02:00

Ostegunean Kontxako badian jokatu zen sailkapeneko estropadan faboritoek ez zuten hutsik egin. Joseba Etxabe eta Harkaitz Goñi arraunlari hernaniarrak ere bertan izan ziren; lehenengoa San Pedroko traineruan, eta bestea, Hondarribiako traineruan. Biek lortu zuten bihar eguerdian jokatuko den Kontxako Banderaren lehen faserako sailkapena.

San Pedrok estropada bikaina
San Pedroko trainera ezin hobeto ibili zen. Sanpedrotarrak izan ziren Bou Bizkaiako traineruari hobekien jarraitu ziotenak, itzultzeko garaian batez ere. Atzoko estropadaren ondoren, denboraldi osoan egindako lana eta lortutako emaitzak ez zirela kasualitatea izan argi utzi zuten. Gainera, igandeari begira, San Pedroko jarraitzaileengan esperantza piztu zuten.

Hondarribiaren buelta
Hondarribiaren denboraldia jarraitzaileak ohituta daudena baino ahulagoa izaten ari den arren, atzokoan ez zuten hutsik egin, eta hauek ere lortu zuten igandeko estropadarako sailkatzea.

Igandeko estropada
Biharko estropadan osteguneko sailkapeneko zazpi onenentzako lekua besterik ez dago, eta denboren arabera hauek izan ziren onenak: Urdaibai, Orio, San Pedro, Astillero, Castro, Hondarribia eta Tiran. Zortzigarren postua betiko moduan traineru donostiar batek beteko du, Donostiarra traineruak hain zuzen. Hau Donostiako hiru talde elkartuta sortutako taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!