Pirritx eta Porrotx pailazoen ekitaldia bihar Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 6a, 02:00

Bihar Kiroldegiko pilotalekuan Pirritx eta Porrotx pailazoen Eskerrik Asko ekitaldia ospatuko da, Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen aldekoa. Ekitaldi solidarioa Hernaniko Udalak eta elkarteak antolatu dute eta irabaziak Elkarteak ireki berri duen errehabilitazio zentru berrirako izango dira. Ikuskizunera hurbiltzen direnen artean Cabarceno Parke Naturalerako haurrentzako 80 sarreren zozketa egingo da. Emanaldira joango direnentzako, kiroldegiko ateak arratsaldeko 16:00etan zabalduko dira, ordubete lehenago.

Esklerosi Anizkoitza
2007. urteko maiatzean Esklerosi Anizkoitza eta beste gaixotasunentzako lehenengo zentroa ireki zen Gipuzkoan. Esklerosi Anizkoitza gazte eta helduen artean dagoen gaixotasun neurologiko ugariena da eta normalean 18 eta 35 urte bitartean diagnostikatzen da. Trafiko istripuen atzetik, gazteengan gaur egun dagoen bigarren ezintasun kausa da. Gaixotasun kronikoa da, sendaezina, gehien emakumeengan ematen da, gaixoaren ingurukoen bizi kalitatean ere eragina izaten du, eta hori dela eta, du horrenbesteko eragina gizartean.

Txokolatada Atsegindegin, AEK-k antolatuta
Pirritx eta Porrotxen emanaldiaren ondoren, AEK-ak antolatuta txokolatada izango da atsegindegin. Porrotxen esanetan «gure helburua pailazoak izatea eta euskaraz egitea zen hasiera batean eta pixkanaka beste gai batzuk jorratzen hasi gara: gaixotasunak, elkartasunak, hala ere, guk jendea euskara ikastera animatu nahi dugu, gure herriko hizkuntza baita». Txokolatadarekin AEK-ko iraileko izen ematea irekiko da Atsegindegin, txupinazo eta guzti.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!