Furgoneta zerbitzua martxan jarri da herritik aparte bizi diren 65 urtetik gorakoentzat

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 6a, 02:00

AaDIN batetik aurrera, eguneroko bizitzan nahi bezala batera eta bestera ibiltzeko arazoak izaten dira. Edadetuen beharren inguruan egindako azterketa ezberdinek erakutsi dute garraioa dela duten arazo nagusietako bat. Behar horri erantzunez, Hernaniko Ongintza Patronatuak eta Behemendik, Andoain eta Urnietako Udalarekin batera furgoneta zerbitzua jarri dute martxan, herritik aparte bizi diren 65 urtetik gorakoek behar duten lekura joateko: medikutara, erosketak egitera, banketxera eta bestelako errekaduetara, esaterako.


Herritik aparte dauden auzo eta baserrietan barrena
Furgoneta zerbitzua Hernani, Andoain eta Urnieta aldean ibiltzen da, herrigunetik aparte dauden auzo eta baserrietan barrena, eta bestelako garraio publikorik iristen ez den lekuetan barrena. Hernanin, esate baterako, Osiñaga, Ereñotzu, Pagoaga, Epele, Martindegi, Akarregi eta Jauregi aldean ibiliko da. Zerbitzua gune hauetan bizi eta 65 urtetik gorakoentzat bada ere, mugitzeko arazoak dituzten beste adin tarte batzuetako pertsonek ere erabili dezakete.


Izen ematea eta funtzionamendua
Perfil hori betetzen duten herritarrek eta furgoneta zerbitzua erabili nahi dutenek, lehenik eta behin Ongintza Patronatuan eman behar dute izena, Antton eta Inma gizarte laguntzaileengatik galdetuta. Eskaera onartuz gero, erabiltzaileek txoferraren telefono zenbakia izango dute eskura eta behar dutenean telefono horretara deitu besterik ez dute egin beharko. Eskatu dute egun bat edo biko aurrerapenarekin deitzea, txoferrak ibilbidea antolatu ahal izateko. Furgoneta zerbitzua astelehenetik ostiralera izango da eskura, goizeko 08:00etatik 12:00etara, eta guztira 9 plaza ditu. Txoferrarekin bila etortzeko eguna, ordua eta lekua hitzartuta, furgoneta etxeko atariraino etortzen da. Zerbitzua eskatu duen pertsona bakarrik joan ahal izango da, baldin eta laguntza berezirik behar ez badu. Egin beharreko errekaduak egin ondoren, txoferra bila etorriko da berriro ere hitzartutako leku eta orduan ,eta erabiltzailea etxeraino eramango du.

Gutunak bidaliko dituzte
Ongintza Patronatuak egun hauetan kartak bidaliko dizkie lehen aipatutako auzoetan bizi diren 65 urtetik gorako adinekoei zerbitzuaren berri emateko. Eta jakinarazi duenez, kurtso honetan zehar adineko pertsonentzako dauden beste hainbat zerbitzuen berri ere emango du.


Begoña Berastegi, txoferra: «Zerbitzua oso erosoa da adineko jendearentzat»
FURGONETA zerbitzu berriko txoferra da Begoña Berastegi. Lizarragakoa jaiotzez, Hernanin bizi da azken 20 urteetan. Ez da lehen aldia adinekoekin lan egiten duena, izan ere, lehenago ere Zaharren Egoitzan egin zuen lan hiru urtez. Orain ordea, txofer lanetan dabil, edadetuak behar duten lekuetara eramanez, Hernani, Andoain eta Urnieta aldean.


Noiz hasi zen zerbitzua?
Astelehenean hasi zen zerbitzua martxan. Hala ere, oraindik ez du jende askok erabiltzen, hasi berria da eta jendeak ezagutu egin behar du. Astelehenean kotxea txukuntzen aritu nintzen, garbitu, gasolina bota eta puntu-puntuan jartzen. Asteartean Ereñotzuko andre bat eraman nuen medikura eta gero etxera eraman nuen.


Zein da zerbitzu honen bentaja edo abantaila?
Nire ustez, oso erosoa edo komodoa da. Behar duten pertsonen ordutegietara moldatzen gara, eta adineko jendeari aukera ematen die bere kasa ibiltzeko. Erabiltzaileek esan izan dute askoz hobeto ibiltzen direla horrela, lehen zain egon behar izaten baitzuten kotxe bat pasa eta gelditu arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!