Zein postutan kokatzen zarete traineruan? postu horrek zein berezitasun dauka? zer da egiten duzuena?
Joseba: Proan edo espaldan, normalean besteak baino arinagoak izaten gara, eta proan izaten naizenean patroiari ziabogan laguntzeaz arduratzen dena naiz.
Haritz: Hiru estriborrean, traineruko erdiko aldea da eta indarreko tokia da. Lekua entrenadoreak erabakitzen du eta trainerua ekilibratzeko izaten da bat edo beste. Pisu asko duen pertsona batek ezin du ez proan ez espaldan joan; tokia ere mugatua izaten da.
Zuen taldeak zein ibilbide izan dute eta aurtengo helburua zein da?
H: 2005, 2006 TKE liga eta lehengo urtean 3garren, sailkapen estropada irabazi genuen baino aurten baja asko izan ditugu eta horrek taldea murriztu arazi egin digu. Beraz, denboraldia Kontxako Banderari begira antolatu dugu.
J: San Pedro azken aldian oso baxu ibili da, orain arte klub onenetakoa izan arren. Azken urteetan bloke on bat zeukan eta gehienek batera utzi egin zuten. Urte hasieran klubak ez zigun helbururik jarri, entrenamenduak ikusiz guk, arraunlariok ohorezko txandan behintzat estropada batzuk egitea jarri genuen helburu eta oso ondo gabiltza.
Kontxako estropada eta gaurko sailkapena nola ikusten duzue?
H: Oso irekia, inoiz baino irekiagoa, hamar traineru daude oso onak direnak eta oso azkar dabiltzanak. Guztira igandeko estropadara osteguneko probatik 7 traineru sartzen dira. Hala ere, faborito Astillero ikusten dut.
J: Sartzea oso zaila ikusten dut, nahiz eta aukera asko dauzkagun. Pixka bat despistatzen dena edo estropada oso oso ona egiten ez duena kanpoan geratuko da.
Itsaso zakarraz eta bareaz asko hitz egiten da estropada hasi aurretik, zer nahiago duzue?
J: Guk dudarik gabe lasaia.
H: Gure arraunkera askoz hobeto moldatzen da itsaso zakarrera. Guk arrauna egiteko daukagun formak itsaso zakarrean gehiago laguntzen digu, konfidantza gehiago ematen digu. Gaurko sailkapenerako ez du horrenbesteko garrantzirik baina igandeko estropadarako bai.
Noizbait jokatu al duzue? ilusio berezia egiten al du?
J: Ez, baino ilusio handia dut, sartzeko aukera asko dauzkagu, beraz, ez bagara sartzen frakaso handia izango da.
H: Bai, izan naiz eta orain arte ez dut sekula irabazi. Kontxa ezberdina izaten da, fama irabazia du; trainerua uretara botatzean ez du zer ikusirik beste estropadekin. Kontxan egoten den giroa ezberdina da nahiz eta behin uretan zaudenean estropada guztiak berdinak izan.
Zuen ibilbidea; nola hasi zinaten? nola iritsi zarete honaino?
J: 14 urterekin Hernanin hasi nintzen 18 urtera arte. Hiru urtez arrauna utzi nuen eta berriro Hernanin hasi nintzen. Ondoren Hondarribian eta Hernanin izan naiz eta orain San Pedron nago.
H: 2000. urtean Orion hasi nintzen eta urte hori azkenean Hernanin egin nuen. Ondoren, Castron, Zumaian eta Orion; eta orain Hondarribin nago.
Pertsonalki zuen momentu onenera iritsi al zarete? zein da zuen ametsa?
J: Oraindik ez naiz iritsi eta ametsa Kontxa irabaztea da baina meta ez. Kontxa irabazteko Urdaibaien, Castron edo Astilleron egon behar duzu edo bestela izugarrizko zortea izan behar duzu.
H: Ni oraintxe nago momenturik onenean, 28 urte baititut. Nire ametsa Kontxa irabaztea da eta helburu bakarra momentu honetan horixe bera.