IRAILAREN 16tik 22ra bitartean Aire garbia denontzat lemapean Mugikortasun Iraunkorreko Astea izango da Hernanin. Aste osoan zehar hainbat ekitaldi izango dira herritarrak kotxea ahalik eta gutxien erabiltzeko kontzientzia har dezaten.
Argazki lehiaketa
Mugikortasun astearen barruan, Udalak argazki lehiaketa antolatu du. Helburua da argazkien bidez mugikortasunaren inguruko arazoak zein diren ikustea eta honen inguruko hausnarketa egitea. Gaia Hernani eta mugikortasuna da eta eremu geografikoa Hernani. Parte hartzaileen artean bi maila ezarri dira. Alde batetik, 14 urte arteko gazteek hartu ahal izango dute parte, eta bestetik, 15 urtetik aurrerakoek. Argazkiak formatu digitalean bakarrik onartuko dira eta bakoitzak gehinez 3 aurkeztu ahal izango ditu; neurria 10x15 zm eta 30x30 zm artekoa izan beharko da. Argazkiak cd-an aurkeztu beharko dira eta hauek itxita dagoen gutunazal batean entregatu beharko dira. Gutunazalaren kanpoaldean lehiaketaren izenburua jarri beharko da eta barruan parte hartzailearen izen abizenak, helbidea eta telefonoa. Lanak ostiralera arte aurkeztu ahal izango dira Udaletxean eta sari banaketa irailaren 22an izango da. Helduen mailan irabazleak 200 euroko bonoa irabaziko du argazki materialak erosteko eta gazteen mailan berriz irabazlearen saria 100 euroko bonoa izango da. Ekitaldiz betetako astea Irailaren 16an Hernani eta mugikortasuna-ren inguruko hitzaldiarekin hasiko da astea. Aste osoan zehar, ipuin kontaketa, dokumentala, kale antzerkia, ikastaroa, patinekin eta bizikletarekin egindako ibilaldiak eta haur jolasak izango dira, besteak beste.