Lizardi Bertso Saria Hernanitik gertu

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 1a, 02:00

Bertsolaritzako Lizardi Saria Hernanira ekartzeko aukera dago, izan ere, Hernaniko bertso eskolatik joan diren bi lagunak, Agin Rezola eta Unai Gaztelumendi, finalera pasa dira.

Ostiraleko saioa
Ostegunean eta ostiralean zortzina bertsolari aritu ziren kantuan; hernaniarrak ostiralean aritu ziren, baita ondo aritu ere, Agin Rezolak bigarren postua egin baitzuen eta Unai Gaztelumendik laugarrena. Agin Rezolaren esanetan «alde haundia sumatu zen irabazlearen, Aitzol Barandiaranen, eta besteen artean; puntuetan aldea ez zen haundia izan, baina saioan zehar nabarmena zen Barandiaran zegoela batetik, eta beste guztiak bestetik».

Hernaniarrak finalean
Osteguneko saioan Uxue Alberdi izan zen irabazle eta ostiralekoan Aitzol Barandiaran. Gainontzeko laurak bildutako puntuen arabera pasa dira ostiraleko finalera. Hernaniko bertso eskolako bi kideak ere bertan izango dira. Alaia Martin eta Jokin Labayenek osatuko dute seikotea. Finala ostiralean, 22:00etan, Zarauzko Zinema frontoian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!