Nolatan urpekaritza talde bat Hernanin?
Beno, Iruñean ere badago. Gainera, Hernani itsasotik gertu dago. Kuestioa da urpekaritza egiten genuen hernaniarrok sakabanatuta genbiltzala inguruko urpekaritza taldeetan, Errenterian, Pasaian... Eta Hernanikoak elkartu egin ginen. Geroztik Udalak utzitako egoitza konpondu eta egokitu dugu, ikastaroak egin ditugu eta urpekaritza asko egin dugu. 100 pertsona baino gehiago pasa dira hemendik eta ibili, 30 bat ibiltzen gara.
Urumea oso ondo ezagutuko duzue, ezta?
Urumean behera ibili ginen lehenengo aldian Aranotik beherako tartea egin genuen, Arranbidetik Abañorako tartea. Erreka ederra da, ez baitakizu non aterako zaren; ur parke bat bezalakoa da baina naturala.
Zenbat denbora daramazue? Zenbat kide zarete?
81az geroztik. 27 urte daramatzagu eta berberak jarraitzen dugu; batzuk oraindik ostiralero elkartzen gara.
Zer egiten duzue zehazki?
Urpekaritza ez dugu urte osoan egiten, garai batean bakarrik, udan, izan ere, bestetan ura hotza eta zikina dago eta ez da ezer ikusten. Udaran irteerak egiten ditugu. Irteeretan aldiro hiru epaile edo arduradun izaten dira beti, horiek erabakitzen dute egun horretan urpekaritza egin daitekeen, ezin den,... Horietako bi beti ontzian geratzen dira segurtasunarengatik. Eta besteak urpean ibiltzen gara. Horrela izaten da irailaren bukaerara arte.
Urpekaritzako modalitate ezberdinak daude (arrantza, argazkilaritza...) Denak egiten al dituzue?
Guk kirol urpekaritza egiten dugu, buzeatu, besterik gabe. Arrainak ikusi, kobazuloak, olagarroak... Ederra da olagarro batekin jolastea, joko handia ematen dute, zuk zirikatu eta tinta botatzen dizute... Itsas aingirak (kongrio) ikusten dira, lehen abakandoak (bogabante) ikusten ziren, orain ez. Paisaiak ere asko aldatzen dira: Jaizkibelek esaterako arroilak ditu... Urpeko argazkilaritza ere egiten dugu. Arrantza, berriz, debekatua dago; abakandoak, otarrainak eta abar hartzea debekatua dago. Deitu izan digute uholdeetan eta, berezko baliabideak aski ez direnean, laguntzeko. Herriko ur depositoren bat edo beste garbitzera ere joan izan gara.
Prezisoa da titulurik edo egunen batean urpekaritza egiteko?
Bai, titulua behar da. Hori gabe ezin da egin; jakin egin behar da, ezagutu, kontrola behar da. Urrezko araua honakoa da: Ezin da urpekaritzarik egin bakarrik; debekatua dago bakarrik joatea. Beti taldean jaisten gara, binaka edo hirunaka eta aldamenekoari erreparatuz. Keinu bidezko hizkera ere badugu.
Gogorra al da? Zaila?
Itsasoa gune mugatua da. Esfortzua fisikoa da baina mentalki ere prestatua egon behar da, lasai, zer egiten ari zaren pentsatzen... esfortzua ur gainean baino askoz ere haundiagoa da. Ez da zaila baina jakin behar da zer egiten ari zaren. Gogorrena da soinean daramazun zama: botilak 15-20 kilo pisatzen ditu eta 10 kilo berun eramaten dugu gerrian lotuta jaisteko. Txalekoarekin jokatzen dugu igo eta jaisteko. Normalean ordubeterako jaisten gara, eta asko jota 25 metrotara, beherago ez baitago ezer ikusteko: ez dago argirik, beraz, ez dago bizitzarik, ez arrainik, ez landarerik...
Maiatzean hasi zineten irteerekin. Nora joaten zarete?
Pasaia, Jaizkibel, Orio, Donostiara... Igande goizetan joaten gara; 09:00etan abiatzen gara hemendik. Inork etorri nahiko balu, Jauregi auzoko eskola zaharrera etorri besterik ez du, ostiral iluntze batean, 20:00etatik aurrera.
Zer dago hor azpian?
Goian adina bizitza dago hor azpian. Eta ikaragarrizko lasaitasuna. Akuarium bat bezalakoa da baina zu barruan zaude. Gainera inoiz ez da berdin: ura inoiz ez dago berdin, kolorea, argia, arrainak...
Abuztuak 31................Getaria
Irailak 7........................Orio
Irailak 14................... Getaria
Irailak 21.................... Pasaia
Irailak 28................... Getaria