udara askorentzat oporretako urte sasoia da, urte guztian zehar lan egin ondoren, bidaia eder bat egiteko garaia. Hernaniko Kronika Barcelo Bidaiak, Hernani Bidaiak eta Iberia bidai ajentzietan izan da hernaniarrek egin dituzten bidaiei buruzko informazioa biltzen.
Aurtengo berezitasuna Txina
Hernaniarrak bidaiak aukeratzeko garaian nahiko tradizionalak direla aitortu dute «gehien bisitatzen dituzten lekuak, azkenean, antzekoak izaten dira urtero: Salou, Kanaria eta Balear Uharteak eta Levanteko kosta». Hala ere, aurtengo berezitasuna Txina izan dela esan dute «Kanpora joatea erabaki dutenen artean, askok Txina aukeratu dute oporretarako; Olinpiadak direla eta, informazio asko egon da Txinari buruz eta jendea animatu egin da». Bidaiarik aukeratuenak Estatu barrukoak izan arren, gero eta jende gehiago joaten da atzerrira, «lehen Latinoamerikara joateko adibidez, hiru aste inguru behar zirela zirudien; orain aldiz, geroz eta gehiago dira astebeteko bidaia hara egiten dutenak. Europak ere geroz eta nagusitasun handiagoa du; Turkia, Kroazia, Ingalaterra, Alemania eta abar bezalako lekuetara geroz eta jende gehiago joaten da.»
Urte guztian zehar
Jendeak, lehen, bidaiak udan bakarrik egiteko joera haundiagoa zuen, «lehen hiru aste inguru joaten ziren oporretara, orain aldiz, astebeteko bidaiak dira gehien egiten dituztenak. Askok nahiago dute urtean zehar beste bidaiaren bat egin, eta opor egunak banatu, guztia batera egin baino.» Bestalde, hernaniarrak era guztietako turistak direla esan dute, «motxilekin atzera eta aurrera ibiltzen direnak badira, ezer segururik gabe; beste batzuei aldiz, bidaia guztia ondo antolatua eta zehaztua izatea gustatzen zaie.» Hala ere, badira oporrak udazkenean egiten dituztenak, eskaintza onak aprobetxatu ahal izaten baitira.