Sorpresa ederra larunbatekoa, Miguel Mari Urrutiak eman zuena. Azkenean berak jokatuko du finala, atzo Koteto Ezkurra faboritoari irabazi ondoren.
Alde ederra
Alde ederreko partidua jokatu zuen Urrutiak, Zeberio IIren aurka jokatu zuen finalaurrekoarekin konparatuz gero, orduan 35-19 galdu baitzuen. Larunbatean Galarretan jokatutako partiduan, aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri eta erraz gailendu zitzaion, 24-35, Ezkurra maisuari. Urrutiaren sakeak asko baldintzatu zuen partidua, etekin haundia atera baitzion eta Ezkurra ez zen gauza izan aurre egiteko. Une batean partidua berdindu bazen ere, Urrutiak gogor ekin zion berriz ere eta markagailua bere alde jarri zuen.
Finala larunbatean
Beraz, Saldiasekoak jokatuko du finala Zeberio IIren aurka, larunbatean, hilak 6, Galarreta frontoian (ETBk zuzenean emango du, arratsaldeko 17:00etan).