300 lagun inguru pasa dira udaran Hernaniko turismo bulegotik

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 29a, 02:00

Aurten lehenengo aldiz, turismo bulegoa egon da Hernanin, eta ez du arrakasta makala izan, izan ere, 300 lagundik gora pasa dira bertatik informazio bila. Urbieta kalean egon da, uztaila eta abuztuan; etzi itxiko ditu ateak, datorren urtera arte.

300dik gora lagun
Uztailean ireki zuten bulegoa eta etzi itxiko dute. Bitarte honetan 300dik gora lagun pasa dira bertatik. Ania Ibargurenek, bertan abuztuan lanean aritu den lagunak, azpimarratu du turista gehienak katalanak izan direla, «nabarmen, gainera». Frantsesak ere hurbildu omen dira, baten batzuk; besteak, denetarik. Herriko jendea ere hurbildu omen zaio, zer zeukan begira-tzera, «gehienak kuxkuxean».

Alde zaharra ikusi nahi
Hernanira hurbiltzen diren turista gehienek alde zaharra ikusi nahi izaten dute, batez ere. Horrez gain, landa turismoko etxeengatik ere galdetzen dute askok. Denborari dagokionez, turista gehienak pasaeran etortzen dira, alegia, ez dira denbora luzean geratzen Hernanin, herria ikusteko adina. Aurten lehenengo aldiz Aurten lehenengo aldia izan da turismo bulegoa ireki dela Hernanin. Bertan bi lagun aritu dira lanean: Lore Etxeberria uztailean eta Ania Ibarguren abuztuan. Balorazio ona egin dute beraien esperientziaz eta turismo bulegoak izandako harreraz. Bi lagun hauek herriko mapa, mapa turistikoa, autobus, tren eta abarren ordutegiak, igerilekuen, azokaren eta baita mezen ordutegiak ere eskaintzen dituzte. Horiez gain, inguruko Chillida Lekuri, Astigarragako Sagardo Etxeari eta Hernaniko Parke Botanikoari buruzko informazioa eskaini dituzte, besteak beste. Inguruko herrietako eta parajeetako informazioa ere eskaini dute; hala ere, Aniaren esanetan, «ondo legoke informazio gehiago izatea, batez ere ingurukoa, jendea urrutixeago ere bidaltzeko».

Eguraldia lagun
Eguraldiak ez du gehiegi lagundu udara honetan Aniaren esanetan, «esate baterako, jendeak ez du Chillida Lekura joan nahi izaten, euria ari duela; ez du sarrera ordaindu nahi lekua erdizka ikusteko». Hala ere, bere esanetan, «jendeak badaki nora datorren, eta eguraldiak ez ditu ezustean harrapatzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!