«Disketxe batek zure lana baldintza dezake eta gu eroso sentitzen gara autoprodukzioarekin»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 27a, 02:00

Nondik nora rock talde batean jotzen?
Aspalditik jotzen nuen gitarra, Hernanin ere aritzen ginen lagunak. Gero Zaragozara joan nintzen ikastera, eta gero Iruñera bizitzera. Jarraitzen nuen jotzen eta lagun baten lagun batek deitu zidan.
Non ikasi duzu jotzen?
Nire gisa ikasi nuen jotzen. Txikitan arreba ikusten nuen paperekin eta agian inbidia pixka bat nuelako edo... Solfeorik ez dakit, dena belarriz ikasi nuen. Egia esan, solfeoa ez jakiteak mugak ditu baina belarriz aritzeak ere badu bere zera... Ez naiz eskolara joan, ez dut bilatu... Ez naiz persuasiboa, disfrutatzen dudan bezala bizi dut, hedonista naiz...
Zer moduz moldatzen zara oholtza gainean?
Hasieran arraro egiten da. Ez da igotze hutsa. Gainera gu saiatzen gara gure kantak egiten eta jotzen eta lotsa sentitzen duzu... espositore batean bezala zaude. Gozatu ere egiten da, baina hasieran sufritu; denboraren poderioz ikasten duzu egoera kontrolatzen. Hasieran jan egiten zaitu; lehendabiziko aldia Iruñean izan zen, goizeko 04:00etan, talde asko ginen eta ordura arte... urduri, nekatua... Gazi-gozoa izan zen.
Non ematen dituzue kontzertuak?
Gehien bat tabernetan, herriko jaietan.... Joan den urtean maketa egin genuen eta lehiaketetara bidali genuen, sareak zabaltzeko, eta jo genuen Iparraldean pare bat aldiz, Gasteizen...
Zenbat kide zarete? Nortzuk? Nongoak? Zer jotzen du bakoitzak?
4 lagun gara: Imanolek kantatu egiten du; Aitorrek baxua jotzen du, Lucile du izena baxuak; Oskarrek bateria jotzen du, Pisoni du izena; eta nik gitarra jotzen dut, G-point dut izena.
Eta zergatik izen hori?
Orgasmora eramaten nau. Bai, bai, hala da; beti ez baina momentu batzuetan bai. Askotan galdetzen diogu gure buruari plazerra zer den, plazerra bilatu nahi dugu, baina ez dago plazer bat munduan; plazer txiki asko daude, momentuan momentukoa, bakoitzak bere lekua du.
´Nola jasan´ da zuen lehenengo grabaketa. Hitz egin ezaiguzu maketari buruz.
Beno, egia esan lehenengo grabaketa ez zen hori izan. Aurretik grabatua genuen Tafallako lagun baten miniestudio batean. Grabaketa txiki bat egin genuen guretzat. Gero jendeari emateko eta, Nola Jasan egin genuen Iruñeko estudio batean, 2006ko abenduan. 5 abesti grabatu genituen, maketa txiki bat. Poz handiak eman dizkigu, xarma haundiko lekuetan jotzeko aukera eman baitugu. Argazkiak arrebak egin zituen eta Enekok ere lagundu zigun. Oso polita izan zen, dena guk egin genuen eta emaitza oso ona izan zen.
Orain bigarrena grabatzen. Apustu haundia da?
Sentsazioa da zerbait nahi duzunean bidea bilatzen duzula hori egiteko, lortzeko: diseinua guk egin dugu, kopistegira joan, montajea... Nik ez dakit musikatik bizi nahi dudan, tarteko bide bat izan beharko litzateke. Diskoetxeak alde batera utzita, enpresa batek 1000tik gora ale egitea eskatzen dizu, zuri merke egiteko... Guk egin nahi duguna da lagun arteko zerbait, ekonomikoa, ez abusatzeko...
Autoprodukziora jotzen duzue talde askok egun. Zergatik?
Disketxe batekin beste eskala bat da. Gu eroso sentitzen gara egiten dugunarekin. Filosofiarengatik ere egiten dugu; zergatik emango diot beste bati nik egin dezakeedana? Gainera disketxeek zure lana baldintza dezakete. Gizartean gauza haundi baten parte txiki bat gara eta polita da tarteka zartaginari kirtenetik heltzea; sentsazio desalineantea da. Askotan indarrak lanean eta joaten zaizkigu. Polita da nire indarra nire gauzetan jartzea.
Zer egin behar da zuen maketa lortzeko?
Gure emaila hau da: okermen@euskalerria.org. Ez deskuidatu, Okerman da taldearen izena baina helbidea e-rekin da. Idatziz gero, moldatuko gara. Fotolog-a ere badugu: fotolog.com/okerman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!