Oier Mendizabalek bihar jokatuko du Donostia Hiria Torneoko lehenengo partidua

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 25a, 02:00

Oier Mendizabal pelotari hernaniarrak Binakako Donostia Hiria Torneoa `Diario Vasco Saria´ jokatuko du eta Aimar Olaizola goizuetarra izango du bikote. Bihar jokatuko du lehenengo partidua. Donostiako Atano III frontoian, 22:00etan.

Torneoaren egutegia
Donostia Hiria Torneoa final laurdenetatik hasi da jokatzen. Hasiera-hasieratik bai Asegarceko eta baita Aspeko pelotariek elkarren aurka neurtu dituzte indarrak. Final laurdenetako lehen partidua ostegunean jokatu zen Atano III pelotalekuan. Bengoetxea VI-Patxi Ruiz bikotea Xala eta Pascualen aurka aritu zen eta lehenengo bikoteak irabazi zuen partidua. Final laurdenetako bigarren partidua berriz ostiralean jokatu zen; Berasaluze VIII eta Begino aritu ziren Gonzalez eta Barriolaren aurka eta lehenengo bikoteak irabazi zuen. Final laurdenetako bi bikote irabazleak dira final aurrekoak jokatzera pasa direnak. Bertan, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizola bikotea izango dira alde batetik eta Mtz. de Irujo eta Laskurain bestetik, aurreko kanporaketako irabazleen zain. Final aurrekoetako lehen partidua bihar jokatuko da: Olaizola II-Mendizabal arituko dira Bengoetxea VI-Patxi Ruizen aurka. Partidu hau atzelari hernaniarrak titular bezala jokatuko duen lehen partidua izango da. Oierrek Kronikari esan dionez «espero, ez dakit espero nuen baina beti duzu esperantza txiki bat; gainera, udara nahiko polita ari naiz egiten». Final aurrekoetako bigarren partidua berriz, etzi, asteazkenean jokatuko da eta Mtz. de Irujo-Laskurain arituko dira Berasaluze VIII eta Beginoren aurka. Final haundia igandean jokatuko dute bi partiduetako irabazleen artean.

Partidu zaila
Oier Mendizabalek Binakako Txapelketako bikote bera izango du torneoan, eta egungo txapeldunak izan arren Oierren esanetan «partidu gogorra izango da, aurkariak ere fuerte dabiltzalako». Aurkari Bengoetxea VI-a eta Patxi Ruiz izango dituzte. Oinatz egungo banakako txapeldun handia da eta Patxi Ruiz aldiz atzelari segurua. Oierrentzat «aurkariak fuerte dabiltza. Aurrekoan Xala eta Pascualen kontra aritu zirenean, oso indartsu sumatu nituen, aurkari gogorrak izango dira». Aurkari gogorrak izan arren, gogotsu ekingo dio biharko partiduari. Bere burua indartsu eta sasoian ikusten du hernaniarrak, gainera adierazi duenez, «motibatua nago eta Aimar eta biok oso ondo moldatzen gara elkarrekin». Kronikari aitortu dionez «ez nago finalari begira, lehenengo beste partiduak jokatu behar ditut eta gero, gerokoak. Oraintxe bertan biharko partiduan pentsatzen ari naiz, besterik ez».

Udako partiduak
Aurtengo udaran nahikoa lan egina da Oier Mendizabal, partidu asko ari baita jokatzen, «atzo, esate baterako, Salamancan izan nintzen; partidu asko ari naiz jokatzen eta emaitza politak lortzen ari naiz» Kronikari esan dionez, «txapelketa hau ere motibazio haundiarekin hartzen ari naiz». Oraindik partidu asko ditu aurretik hernaniarrak, abuztuan eta irailean partidu asko izaten baitira.

Sarrerak
PREZIOA
Kantxako eserlekuak 30 euro
Goi armailak 15 euro
Errebotea 15 euro
ORDUTEGIA
Jaialdi egunean 20:00etan
ERRESERBAK lwww.asegarce.com
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!