Pirritx eta Porrotx pailazoak Hernanin izango dira irrifarrak lapurtzen, irailaren 7an, igandea. Atzo Udal ordezkariek, Esklerosi Anizkoitza Elkarteko kideek eta Porrotxek berak prentsaurrekoa eman zuten Udaletxean, bisitaren arrazoia azaltzeko: Elkartasun ekitaldia izango da eta sarreren salmentekin lortzen den irabazia esklerosi anizkoitzaren inguruan lan egiten duen elkartearentzako izango da, zehazki, joan den urtean ireki zuten esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoen lehenengo zentroari laguntzeko.
Esklerosi anizkoitza
Esklerosi anizkoitza gazte-helduen artean gaixotasun ohikoena da; orokorrean 18- 35 urte bitartean diagnostikatzen da; emakumeei gehiago eragiten die eta 3tik 2 gaixo emakumea izaten da; trafiko istripuen atzetik, bigarren ezintasun kausa da gazteengan; gaixotasun kroniko eta sendaezina da eta bizi-kalitatea murriztu egiten du eta ondorioz, ingurukoengan ere eragin haundia du. Gaixotasunak jende askori eragiten dio. Beste gaixotasun batzuekin alderatuta esate baterako, 100.000 biztanletik, itsutasunak 51 laguni eragiten die, Down Sindromeak 14 laguni, eta Esklerosi Anizkoitzak 65i.
Sarrerak salgai ostegunetik aurrera
Jaialdia irailaren 7an egingo da, arratsaldeko 17:00etan, Hernaniko kiroldegiko pelotalekuan. Sarrerak salgai izango dira ostegunetik, abuztuaren 28tik aurrera, Hernaniko Elkar liburudendan eta kiroldegiko kafetegian. Prezioa 6 eurokoa izango da. Sarrerekin, elkarteari laguntzeaz gain, zozketa batean parte hartuko da, izan ere, ikuskizunera joango direnen artean Cabarceno Parke Naturalera joateko 80 sarrera zozketatuko dituzte.
Txokolatea, AEKren eskutik
Jaialdiaren ondoren, 19:00ak aldera, txokolate jatea izango da Atsegindegi plazan, AEKren eskutik. Txokolate jatearekin batera iraileko matrikulazio kanpainaren txupinazoa botako dute.
Euskara eta elkartasuna
Auzkezpenaren ondoren Porrotxek berak hartu zuen hitza. Hitz gutxitan beren bilakaera laburtu zuen: Euskara eta alaitasuna izan ziren beren hasierako ardatzak baina aurrera egin ahala, balore berriak eransten joan ziren, elkartasunarena esaterako. Testuinguru horretan uztartu nahi izan zituen jaialdia eta AEKren matrikulazio kanpaina eta jendea animatu zuen jaialdian parte hartu eta euskara ikastera. Jaialdiari dagokionez, helburuen artean jendea sentsibilizatzea, gaia ezagutzera ematea eta elkarteari laguntzea azpimarratu zituen. Baita ere gaiari buruz «era ireki, baikor eta umoretsuan hitz egitea» eta «bere begietako filtroekin alaitasun eta esperantza ikutua ematea, umorea botika ona baita».