Ergobiko jaiek ez diote hutsik egin urteroko zitari. Jaiak, Ergobiko Danak Bat jai batzordeak antolatu ditu. Gaur hasi eta asteartea bitartean ekitaldirik ez da faltako, tartean herri krossa, fanfarrea, zaldi eta idi demak eta ‘ikuskizun paregabea’.
Kross herrikoia gaur
Goizeko 11:00etan lehenengo Kros herrikoia izango da, Bernardo Arzallusen VI. Memoriala. Ibilbidea 9.600 metrotakoa izango da. Ergobiko plazatik atera eta zubia pasata, atzeko aldetik Hernanira abiatuko dira. Ondoren, Ibaiondo poligonora iritsi, eta bertan, Ttes. Otxoara iritsi eta Ergobirako buelta hartuko dute, zubira iritsi arte. Handik ezkerretara hartu eta erriberaren hasierara iritsiko dira, honi buelta eman eta Ergobiko parke berrirako bidea hartuko dute. Ondoren, Plaza Berritik helmugara iritsiko dira. Buelta bakoitzak 3.200 metro ditu eta hiru buelta egin beharko dituzte. Geroago, eguerdiko 12:00etan festei hasiera ofiziala emango diete auzoko gazteek jotako txalaparta hotsek eta Ergobiko himnoak lagunduta. Segidan, tradizioa den Kupelaren jaitsiera egingo dute.
Arratsaldean gazta lehiaketa eta abere pisaketa
Arratsaldeko 18:00etan artzain gazteek egindako gazta lehiaketa herrikoian parte hartzeko aukera izango dute. Ordubete geroago, astelehen eta astearteko demetan parte hartuko duten idien eta zaldien pisaketa egingo da. Gauean, 23:00etatik 03:00ak arte Rubi Berriak talde ospetsuarekin berbena izango da, eta tartean, 23:30etan zezen suzkoa ibiliko da Ergobiko kaleetan barrena.