Uda bere onenak emateko dago oraindik, Ergobia auzoan behintzat, bihar hasiko baitituzte jaiak eta asteartera arte luzatu. Urtero bezala ez dira faltako abere demak, txaranga doinuak, bazkariak eta ikuskizun paregabea.
Kupelaren jaitsiera
Bihar hasiko dira jaiak, goizeko 11:00etan egingo duten Herri Krossarekin, Bernardo Arzallusen omenezkoa. Hasiera ofiziala ordea, eguerdiko 12:00etan izango da, auzoko gazteen txalaparta doinuez eta Ergobiko himnoaz lagunduta. Orduan abiatuko da kupela balkoitik behera auzotarren begirada gainetik. Arratsaldean gazta lehiaketa izango da, eta bereziki artzain gazteek, aukera izango dute beren gazta goxoak lehiaketara aurkezteko. Ondoren, astelehen eta astearteko dematan parte hartuko duten idi eta zaldiak pisatuko dituzte. Gauean Rubi Berriak talde ospetsuarekin berbena ‘bikaina’ egingo dute goizaldera arte. 23:30etan etenalditxo bat egingo dute zezen suzkoa ikusteko.
Igandean meza, sagardo probaketa eta ume jolasak, besteak beste
Igandean diana eta trikitixa doinuekin esnatuko dira eta 09:15ak aldera Astigarraga aldera abiatuko dira, izan ere, auzoko hildakoen aldeko meza bertako elizan egingo da. Bitartean, Ergobin, sagardo lehiaketa hasiko dira prestatzen, trikitixa doinuek lagunduta. 11:30etan hasiko da eta egitarauan nola zehaztu ez duten arren, dastatzaileek parte hartu ahal izango omen dute sagardo lehiaketan. Arratsaldean umeen txanda izango da, beraientzat antolatutako jaia izango baitute; jokoak eta opariak ez dira faltako, ezta txokolate gozoa ere. 18:00ak aldera toka lehiaketa izango da Ergobiko parkean. 20:30ak aldera Los bebes de la Bulla fanfarreak musika jarriko du auzoan.
Astelehenean herri kirolak
Astelehena, eta asteartea ere, herri kirolen egun haundia izango da. Izan ere, eguerdian 44garren Ergobia Saria idi dema frogaren lehen partea izango da. Aiako Izeta, Lasarteko Telleria, Errenteriako Illarreta eta Igeldoko Olasagastiren idiak ariko dira zeinek egin plaza gehien. Arratsaldean berriz, harri jasotzaileen eta aizkolarien txanda izango da. Lehian ariko dira Aiako Izeta aita-semeak, Leitzako Perurena aita-semeak, Errezilgo Aimar Irigoien eta Abadiñoko Undax. Aizkolariak berriz, honakoak: Joxemari Olasagasti eta Mikel Mindegia. Gauean zaldi probak izango dira. Ereñotzuko Imanol Pagolla, Zumaiako Juan Aginagalde Etxetxo eta Urnietako Joseba Larrearen abereak ariko dira, 800 kiloko harriarekin, zeinek plaza gehiago egin. Horrez gain, egunean zehar bazkaria, umeentzako puzgarriak eta txaranga izango dira, besteak beste.
Idiak, bazkaria, ikuskizun paregabea eta Pobre de mi-a
Bezperan hasitako idi probaren bigarren partea izango da eguerdian eta segidan sari banaketa. Eguerdian, 14:30etan, herri bazkaria egingo dute eta Modesto musikaria izango dute bazkalostea girotzen. Gauerdian, urtero bezala, ikuskizun paregabea izango da, bertaratzen direnek ederki pasatzeko modukoa. Ondoren, 02:30ak aldera deskantsua hartuko dute Pobre de mi-a abestuz.
ERGOBIKO JAIAK
Larunbata
11:00 Herri lasterketa. Bernardo Arzallusen omenez
12:00 Kupelaren jeitsiera, txalaparta eta auzoko himnoa lagun
18:00 Gazta lehiaketa
19:00 Abere demako idi eta zaldien pisaketa
23:00 Rubi Berriak tadearekin musika goizaldera arte
23:30 Zezen suzkoa
Igandea
09:00 Diana
09:15 Trikitixa
09:30 Auzoko hildakoen aldeko meza Astigarragako elizan
11:00 Trikitixa
11:30 Sagardo lehiaketa
17:00: Umeentzako jaialdia
18:00 Toka lehiaketa
20:30 Los bebes de la bulla fanfarrea
23:30 Los bebes de la bulla fanfarrea
Astelehena
10:00 Diana
12:00 Idi proba
14:00 Bazkari ofiziala
17:30 Incansables txaranga
18:00 Gaztelu puzgarriak
18:30 Herri kirolak: harri jasotzaileak eta aizkolariak
23:00 Zaldi proba
Asteartea
10:00 Diana
12:00 Idi proba
14:30 Herri bazkaria
18:30 Potxin eta Patxin pailazoak
19:00 Incansables txaranga
23:30 Incansables txaranga
00:00 Ikuskizun paregabea
02:30 Pobre de mi berezia