Mendiriz Mendik proposatutako ibilbidea Huescan dago, Bisaurin (2640 m) mendiaren inguruetan. Bernerako gailurrak ez dira hain ezagunak. Inguru hauetara hurbiltzen den jendea Bisaurin mendiarekin liluratuta geratzen da eta baztertu egiten dituzte. Beraz, oso jende gutxi ibiltzen denez, bailara lasaia da eta inguruko fauna ikusteko aukera handia dago.
Nola iritsi Hernanitik
Andoainen A-15 autopista hartu eta Iruñeara joan behar da. Bertan, N-240a hartu eta Jaca aldera jo. Ondoren, Puente la Reinan Hechora doan A-176a hartu eta kilometro batzuk egin ondren Aragües del Puertora daraman H-212a hartu behar da. Herria pasa ondoren, 12 km eta gero, Lizarako aterpera iristen da. Bertan hasten da ibilbidea.
Ibilbidearen deskripzioa
Lizarako aterpetik iparraldera jo behar da, Llano de Lizara lautada pasa eta Collado d’o Bozora. Bide aldapatsua da, baina jarraitzen erraza. Lepora iristean, ipar-ekialdera jo behar da Foya de Aragüesera iritsi arte, Bernera eta Llena del Bozo mendien artean dagoen bailarara. Ezkerretara jo eta harrizko malda igo behar da. Ondoren, lautadatxo batera iristen da, eta azken maila igota, bertan dago gailurra. Bertatik paisaia ikusgarriak ikusten dira; Ekialdera Pico Llena de la Garganta, hegoaldera Rueba de Bernera eta mendebaldera Secúseko igoera eta Bisaurin gailur ezaguna. Bidean atzera egiteko Foya de Aragües jaitsi eta ezkerretara geratzen den lepora jo behar da. Han Bal d’os Sarrios ikusten da. Mendi honetatik beherako bidea gogorra da, nahiz eta ez duen zailtasun berezirik. Bailarara iristean ezkerretara jo behar da eta Puerto de Bernera lepoa pasa ondoren, maldan behera zati bat eginda, Lizara aterpera iristen da. Bertan bukatzen da iraileko ibilbidea.