Gorka, Inaxito... Nola esan behar zaizu orain?
Inaxito deitzen didate Errezilen, umeek eta heldu askok ere bai. Hernanin, berriz, Toloxa naiz, eta etxean Gorka. Inaxito bihurri samarra da.
Nolakoa da Gorka Tolosa? Inaxito bihurria da baina ona. Eta ni saltseroa naiz; bihurria ez, eta sentibera.
Non ikasi zenuen bertsotan? Hasieran Langilen eta gero Hernaniko Bertso Eskolan.
Izatez saltsero samarra zara, baina ikasketez? Fisioterapeuta ikasketak egin nituen nik eta urte dezente aritu nintzen horretan lanean. Orain magisteritza ikasten ari naiz, urrian edo abenduan edo bukatuko dut.
Oialumen ere ibili zinen lanean? Bai. Basoak biltzen, barran pare bat urte, eta roperoan... tokatzen zena.
Udaltzain ere aritu zara edo aritzen zara, ezta? Bai Hernanin aritu nintzen, Azkoitian eta Azpeitian. Azpeitian plaza ere atera nuen baina utzi egin nuen. Ez zitzaidan gustatzen jendearekin aldarte txarrean egotea.
Orain zer egiten duzu? Orain euskara irakaslea naiz Azpeitian, Udal Euskaltegian; Bertso Eskolako irakasle Hernanin, eta antzezle.
Azaldu zure ibilbidea. Nola iristen da bertso antzerkia egitera? Ni bertso eskolako irakasle nintzen eta hutsunea sumatzen nuen; alde ludikoa falta zen, umeei egokitutako zerbait. Neronek ere, bertso eskolan aritu nintzenean ikasten, falta sumatu nuen. Orduan pentsatu nuen zerbait ludikoa egitea. Hernaniko bertso eskolara jo nuen lehendabizi eta gero Orioko bi lagunengana eta hiruron artean Trikuharri taldea sortu genuen. Bi obra egin ditugu: lehenengoa Inaxitoren ametsak eta bigarrena 1,2,3... Inaxito!. Lehenengo obraren gidoia egiten Joxe Luix Urdangarinek lagundu zigun eta bigarrenaren gidoia egiten Maialen Lujanbiok. Antzezlanen gastuak Lankuk hartzen ditu beregain, koprodukzioa da.
Lehendik antzerkia egina zara? Bakoitza bere aldetik ibiliak ginen, herri mailan baina ezer garrantzitsurik ez. Hasieran emanaldiren bat edo beste egiteko sortu genuen obra eta kristoren arrakasta izan zuen!
Bertsolarien estatikotasunarekin alde ederra, ezta? Bai. Eta gustura. Pentsatzen dut hutsune bat betetzera iritsi garela. Zerbait falta zen, mugimendua falta zen; nik ere bere garaian faltan sumatu nuen mugimendu hori. Egia esan, bertsoekin lortzen da ume asko geldirik egotea eta hori ere gauza ederra da.
´Gure barrenak hustu beharra´ sentitu genuen diozue lanaren aurkezpenean. Zer zenuten barruan? Iritsi zen momentua bertsoak betetzen ez zidana ; ez nintzen hustutzen; bertsotan egiteak ez zidan barruko energia ateratzeko aukera ematen...
´Bertso antzerkia, inon kokatzekotan, saio esperimentalen sailean´ sartu behar dugu. Zergatik? Bertso saioak, bertso afariak... Horiek betiko formatoak dira. Hortik aurrera egiten dena, beste diziplina batekin nahastea alegia, esperimentatzea da. Gainera, jendea gure saioetara joaten denean bertsoak espero ditu eta gure lana ez da hori; guk zeharka erabiltzen ditugu bertsoak.
Inaxitoren ametsak eta 1,2,3,... Inaxito! Lan honek zer du gehiago, antzerkia edo bertsoa? Antzerkia tresna bat da bertsoa errazago iristeko umeengana. Gu bertsolariak gara, batzuetan umeek uste dute kantatzen ari garela eta bertsotan ari gara!
Lanen inguruan diozue ´Bertso antzerkiarekin beste modu batera gozatzen´ dela. Nola? Bertso antzerkiarekin bertsoaz, dantzaz, jolasaz gozatzen da. Neronek ere publikoa gertuago sentitzen dut eta umeek ere gertuago sentitzen gaituzte gu.
Orain Hitzen lapurra. Bertsotxongiloak. Ttinbili-Ttanbalarekin. Zer da? Bai, batetik Inaxitoren hirugarren istorioa prestatzen ari naiz Trikuharrikoekin; udazken-negu partean aterako da. Eta bestetik, Ttinbili-Ttanbalakoekin Hitzen lapurra ikuskizunean ari naiz. Lan hau desberdina da, helburua da hitzekin jolastea pixkanaka bertsoraino iritsi arte. Gustura nago, probatzeko aukera izan dudalako.