Zenbat denbora daramazu DJ lanetan?
Bodegan hasi nintzen. Txatxi izan zen nire aldeko apustua egin zuen lehena. Duela 5-6 urte. Musikarengatik ezagutzen ginen; gaztetan tabernetan hasi eta galdetu egiten nion musikari buruz, taldeak komentatu, argazkiak ekartzen nizkion... Egun batean esan zidan musika jartzeko eta niretzat erronka handia izan zen. Gainera Bodega tabernak 20 urte egin ditu eta ni izan naiz pertsona bakarra bertan lan egin gabe musika jartzen aritu dena. Geroztik dezentetan deitu didate musika jartzeko.
Zer da zuretzat lana, zaletasuna, diru iturria?
Zaletasuna; garrantzi haundia ematen diot musikari. Niretzat tabernetara joatea pote bat hartzea baino gehiago da.
Nola iritsi zara DJ izatera?
Lehenengo aldia Bodegan izan zen. Aurretik egonda nengoen Molotoffen San Joanetan. Geroztik 7 aldiz aritu naiz Bodegan, 6-8 aldiz Apeaderon eta Goiz Argin ere izan naiz. Kritika onak izan ditut, jendea gustura aritu da...
Zein musika estilo jartzen duzu?
Musika txuria eta beltza jar-tzen ditut; beno, txuria gehienetan musika beltzean oinarritua dago.
Zein da gehien gustatzen zaizuna?
Gaztetan blues-a entzuten nuen asko. Koadrilako lagun batek eta biok, Beñatek eta biok, Blues Stop irratsaioa egiten genuen. Gerora blues-ean oinarritutako modalitate guzti hauek ezagutu nituen… Ezingo nuke bat aukeratu.
Korronte berriak jarraitzen dituzu edo klasikoak maite dituzu?
Berriak dezente jarraitzen ditut; zaharrak ere bai. Gehienak beti izan dira modalitate undergrown-ak, baina gaur egun indarra hartzen ari dira.
Eta jendeari gustatzen al zaio musika estilo hau?
Herri honetan oso ezberdina da noiz jartzen duzun musika; ez da berdina sagardotegi garaian, edo San Joanetan… Gero, beti etortzen da norbait zerbait eskatzera eta nik ahal dudan bezala adierazten diot saio bat egiten ari naizela… Hala ere, orokorrean jendeak jarrera ona du, dantza egiten du…
Inoiz gertatu zaizu lekuz kanpo edo sentitzea?
Aurten Elgoibarretik deitu zidaten, Inauterietan plazan musika jartzeko, eta egia esan, beldurrez joan nintzen ez bainekien zer topatuko nuen. Azkenean oso ondo joan zen dena.
Nolakoa da prozesua? Nahi duzuna jartzen duzu?
Asko fijatzen naiz publikoan; jendeari begira egoten naiz. Estilo bat probatu, tanteatu…
Asko markatzen al du jendeak erritmoa, estiloa?
Horretan ere ezberdina da jende ezaguna edo ezezaguna izan. Publiko ezberdinak daude.
Asko dantzatzen al du jendeak?
Orokorrean ez. Gauak eta gauak daude, egunak eta egunak, koadrilak...
Ba al dago kantu magikorik, beti funtzionatzen duenik, alegia?
Bai, badaude abestiak; rompepistas esaten zaie. Adibidez, funky-an James Brown-ek ez du inoiz kale egiten, eta Rolling Stones-ek ere ez. Gainera, nire kuttunak dira eta beti jartzen ditut.
Bodegan musika jartzen aritu den kanpoko DJ bakarra izatea, a ze ohorea, ezta? Non gehiago aritzen zara?
Bai, hasieran ez nekien eta gero esan zidaten. Sorpresa izan zen niretzat ere. Goiz Argin eta Apeaderon ere izan naiz eta orain emanaldiren bat badut egiteko.
Non jarriko zenuke gustura musika?
2004an Dublinen izan nintzen eta leku dezente ezagutu nituen gustura ariko nintzatekeena musika jartzen. 2006an Nueva York-en izan nintzen eta han ere, Manhatan-en, blues-eko klubetan gustura ariko nintzateke.
Lekutan! Zer dute leku horiek hemen ez dagoenik?
Han jendea ohituta dago saioak entzutera, dantza egitera...
Eta gertuago, non ariko zinateke?
Egiako Bukowskin ariko naiz laister, iraila edo urrian. Ilusio haundia egiten dit.
Ba al duzu idolorik?
Nire talde kuttunena Rolling-ak dira. Blues-a entzuten hasi eta gutxira deskubritu nituen; beraien musika blues amerikarrean oinarritua dago eta deskubrimendu bat izan ziren. Hain zuzen ere, Mick Jagger eta Keith Richards-ek tren batean ezagutu zuten elkar, batak besteari soinean zeramatzan blues amerikarreko disko batzuengatik galdetu zionean. Orduan ez baitzen erreza Ingalaterran blues amerikarreko diskoak lortzea.
Zer entzuten duzu azkenaldian?
Sustraietarako joera sumatu dut azkenaldian, 50-70garren hamarkadetan egiten zen musikarako. Orduan milaka talde zeuden eta arkeologo lanetan ari naiz musikan. Garaiko taldeak, grabaketak... ezagutu nahi ditut, rock´n´roll-ean, soul-ean, funky-an...
Musika asko al duzu etxean?
1000-2000 disko artean gutxi gorabehera.
Eguna musika entzuten emango duzu...
Bai, parte handi bat bai. Beti izan da nire bizitzako parte garrantzitsua.