DONOSTIAKO Hamabostaldiaren 69. edizioko bigarren kontzertua izan zen atzo Chillida-Leku museoan eta jendeak ez zuen huts egin. Arratsaldean Ensemble Clement Janequin talde paristarra entzutera hurbildu zirenek, mahai inguru baten bueltan a capella abestutako kontzertu bikaina entzun zuten. Atzo Chillida-Lekura hurbildu ezin izan zutenek, nahi izanez gero, gaur arratsaldeko 19:00etan Kursaal Auditorioan entzuteko aukera izango dute.
Igandean Chillida-Lekun
Igandean, 24an, Francesco Tristano Schlimeren txanda izango da, Chillida-Lekun egingo den Hamabostaldiko kontzertuan. Tristano Schlimen Luxenburgon jaioa bada ere, Bartzelonan bizi da azken urteetan. Lehen kontzertua hamahiru urte besterik ez zituela eman zuen eta ordutik hona jaialdi ugaritan hartu du parte mundu osoan zehar: Europa, Malasia, Thailandia, Kanada, Libano, Japonia eta Estatu Batuetan. Orain arte egin duen ibilbidean zehar hainbat zuzendarirekin aritu da, M.Pletnev, E.Krivine eta I.Denserekin esaterako. Sari ugari ere lortuak ditu eta musikan lortu duen heldutasunari esker, erraz konbinatzen ditu bat-batekotasuna, zuzendaritza, konposizioa eta interpretazioa; bai jazz musikan eta baita musika klasikoan ere.
Aste honetako kontzertuak
Aste Nagusia bukatzearekin batera, Donostiako Hamabostaldia bere osotasunera itzuli da berriro ere. Aste honetan kontzertu ugari izango dira bai Donostiako hainbat agertokietan eta baita inguruko herrietan ere. Victoria Eugenia Antzokian bi emankizun izango dira. Kursaal Auditorioan berriz hiru, horietako bi Ballet Flamenco Sara Baras-ek eskainitakoak. Organo zikloan ere bi emanaldi izango dira eta Chillida-Lekun bat, datorren igandekoa hain zuzen. Interprete Gazteen Zikloa aldiz, aste honetan jarriko da martxan. Bost kontzertu izango dira guztira, gaur hasi eta larunbatera bitartean, guztiak arratsaldeko 20:00etan. Azkenik, Musika Garaikideko Zikloan Tiempos de Stockhausen-en emanaldia izango da hiru egunetan: 24, 26 eta 28an.
EMANALDIAK
Victoria Eugenia Antzokia
Abuztuak 19 - 20:00 Phillipe Jaroussky/Musika Florea
Abuztuak 22 - 20:00 Argia Dantza Taldea
Kursaal Auditorioa
Abuztuak 20 - 19:00 ´Carmen`, G. Bizet
Abuztuak 23,24 - 20:00 Ballet Flamenco Sara Baras
Organo Zikloa
Abuztuak 20 - 20:30 Raul del Toro/Daniel Oyarzabal
Abuztuak 22 - 20:30 Loreto Aramendi/Jesus Martin Moro
Chillida-Leku
Abuztuak 24 - 19:00 Francesco Tristano Schlimè
Interprete Gazteen Zikloa
Abuztuak 19 - 20:00 Elena Sancho
Abuztuak 20 - 20:00 Laida Alberdi
Abuztuak 21 - 20:00 Duo Golden Silver
Abuztuak 22 - 20:00 Judith Jauregi
Abuztuak 23 - 20:00 Jesus Porta
Musika Garaikideko Zikloa
Abuztuak 24, 26, 28 - 18:00/19:00 ´Tiempos de Stockhausen`