goizuetarrek ondo merezitako deskantsua izango dute bihartik aurrera, izan ere, gaur dute festetako azkeneko eguna. Hala ere, azkeneko eguna izanagatik, gaur ere izango dute non denbora pasa. Gaurkoa Udala eta ikastolako tabernaren artean antolatutako jaia izango da.
Goizean sagardo probaketa
Eguerdiko 12:00etan hasiko dira gaur, eztarria freskatuz. Horretarako, Gipuzkoako eta Nafarroako sagardogile onenen parte hartzearekin, sagardo probaketa egingo dute plazan. Aurtengoa 9garren Sagardo Eguna dute.
Umeek non gozatua
Umeek izango dute non gozatua gaur ere. Arratsaldeko 17:30etan Gari, Lontxo eta Joselontxo pailazoen emanaldia izango dute. Ondoren, 18:30etan Sorpresa izango dute eta jarraian tailerrak.
Mus eta toka txapelketak
Arratsaldeko 16:30etan bosgarren mus txapelketa jokatuko da Iskibi kanpinean. Tokan abilidadea izan, edo probatu nahi izanez gero, toka txapelketa izango da, arratsaldeko 19:00etan, baina hau herrian bertan. Horrekin bukatuko dira joan den ostegunean hasitako Amabirjin jaiak. Atzo peñaren eguna Atzo egun ikusgarria izan zen Goizuetan. Umore Ona peñak, espero bezala, giro ederra jarri zuen herrian. Ederki bazkaldu ondoren, suge txuri-berdea kalejiran abiatu zen ohitura duten bezala herrian barrena, Igandea txaranga lagun. Kale buelta luzearen ondoren zezenetara joan ziren eta giro ederra jarri zuten plazan.
Pilota partiduak
Goizuetako jaietan ezin pilota partidurik falta eta ia egunero izan dira. Goizueta eta Arano arteko lehiak emozioa piztu zuen urtero bezala.