IRAILA eta ikasturte berria hastearekin batera, jarduera eta ikastaro berriak ere hasten dira herrian. Biteri kultur etxeak 2008-2009ko ikastaroak aurkeztu berri ditu, asko aurreko urteetakoen berdinak, beste batzuk berriz, berriak. Ikastaroak hiru taldetan banatu dituzte. Lehenengoan helduei zuzendutakoak daude, era guztietako 29 ikastaro. Bigarren atal batean berriz, ikastaro laburragoak egiteko 2 aukera zabaldu dituzte. Azkenik, haurrentzako beste 3 ekintza ere antolatu dituzte.
Asko dira urtean zehar Biterin ikastaroak egiten dituzten herritar eta kanpotarrak. Hau kontuan izanda, Biteri kultur etxeak Hernaniko Udalaren kolaborazioarekin urritik ekaina bitartean 29 ikastaro antolatu ditu. Ikastaro hauetako asko joan den urteko berdinak dira, beste batzuk berriz murriztu egin dituzte, pintura ikastaroak esaterako. Hala ere, berriak edo egun gehiagotan jarritako ikastaroak ere badira, dantza latinoa, batuka-funky-a eta sormenezko idazkuntzarako tailerra esaterako.
Ikastaro laburrak
Urtean zehar izango diren bi ikastaro labur antolatu dituzte. Horietako bat Liburu bat irakurri eta aztertzea da, bai euskaraz eta bai gazteleraz egin daiteekena. Guztira 24 saio izango dira; 12 saio hizkuntza bakoitzean (19:00-20:30). Ikastaroak 45 euro balio ditu. Bigarren ikastaroa Senda belarrak da, ukenduak, pomadak eta jarabe naturalak egiten ikasteko. Saio bakarreko ikastaroa izango da eta urriaren 2tik abenduaren 18ra bitartean izango da astearte eta ostegunetan (19:00-21:00); 45 euro balio ditu.
Haurrentzako ekintzak
Haurrentzako ekintzak ere izango dira aurten, urritik ekainera, Biterin. Horietako bat Antzerki ikastaroa izango da, 9-12 urte bitarteko umeei zuzendua. Bestea, berriz, Pintura marrazketarena izango da, bi saiotan banatua. Saio horietako bat 9-12 urte bitarteko umeei zuzenduko zaie eta bestea aldiz, 6-8 urte bitarteko umeei.
Izen ematea eta matrikulazio epea
Izen ematea irailaren 1etatik 4ra arte egin ahal izango da 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Matrikulazio epea aldiz, irailaren 8tik 12ra izango da, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.