Joxan Ruiz omendu zuten atzo Aranon, 38 urtez San Roke eguna antolatu duena

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 17a, 02:00

Txistulariek eta dantzariek agurra eskaini zioten Ruizi, eta plaka bat eskaini zioten, egindako lanaren esker onez. Goizean, urteroko meza, txistulari kalejira eta pelota partiduak izan ziren.

San Roke eguna zuten atzo Aranon, eta goizean goizetik festa giroan ibili ziren bertara inguratutakoak. Urteroko meza, kalejira eta pelota partiduez gain, aurten, bazkal ondoren Joxan Ruizi omenaldia egin diote, 1970etik jai hau antolatzeaz arduratu denari hain zuzen, egindako lanaren esker onez. Agurra dantzatu eta plakak eta lore sorta eman zizkioten Joxan Ruizi eta Maitere Miner andreari, eta ondoren, Aranoko Martxa abestu zuten Kontzejura bildu zirenek. Aranoko Martxa Patxi Apezetxea txistulariak egin du, eta Xabier Legarreta herriko bertsolariak jarri dio hitza.

Aranoko Martxa

Iturri, lur, haritz eta pago,
erreka, bide-xenda eta basuak.
Harri, abere eta famili,
etxe, baserri eta auzuak.
Mendez-mende, gizaldiz-gizaldi
gurasuen gurasuen gurasuak,
zeukatena maite zutelako
gero zetozenentzako jasuak.

Irauteko borrokatzen duten
harrizko pareten joan etorria;
itsasoa lur naparrarekin
bat egiten duen lokarria.
Artzaien nekea saihesteko
goienean eraikitako herria,
bailara oso baten gainetik
beragokoak zaintzeko jarria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!