San Roke eguna ospatuko dute gaur Aranon eta Astigarragako Santiomendin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 16a, 02:00

san Roke eguna ospatuko dute gaur, tradizioa jarraituz, Aranoko ermitan. Goizeko 10:15etan txistularien kontzentrazioa izango da herriko plazan. Aranon txistuaren presentzia aspaldikoa da, Antsorena eta Zubillaga txistulari hernaniarrak txistua jotzera oinez joaten zirenekoa.

Meza jendetsua izaten da
Goizeko 10:30etan San Martin parrokiko kanpandorretik kanpai hotsak hasiko dira jendeari meza abisua zabaltzeko; meza goizeko 11:00etan hasiko da. Urteroko moduan inguruko herrietatik, hau da, Hernani, Donostia, Urnieta, Goizueta, eta abarretatik jende asko espero dute. Beraz, askok meza ermita kanpotik jarraitu beharko dute. Meza ondoren, 12:15etan txistulariek kalejira egingo dute Aranoko ermitatik herriraino. Herrira iristean, tradizioa den pelota partidua jokatuko dute etorkizuneko pelotari haundiak izan daitezkeen gazteek. Gero, berriro ere, txistulariek txistu hotsa zabalduko dute 13:30etatik aurrera, herritik egingo den kalejiran. Joxan Ruizi omenaldia Aranon urte asko pasa ziren txistulari presentziarik gabe San Roke egunean. Hala ere, 1970 urtean, Antonio Insausti Ansak eta Joxan Ruiz laguntzaileak, biak hernaniarrak, txistuaren ohitura berreskuratu zuten Aranon. Hori kontuan izanda, eta 38 urtetan jaia antolatzearen ardura berak hartu zuelako, Joxan Ruiz hernaniarrari omenaldia egingo diote. Hau, 14:30etan Kontseju Jatetxean egingo den herri bazkariaren ondoren izango da.

Aranoko Martxa
Omenaldiaren ondoren, Patxi Apezetxea txistulari hernaniarrak eta Xabier Legarreta bertsolari aranoarrak egindako Aranoko Martxa estreinatuko dute. Bertsolariaren esanetan, letra egiterakoan «herriaren kokapena eta orientazioa izan ditut kontuan, hau da, itsasoa ikusten dela, bailara zaintzen duen herria dela eta artzainak mendira errazago joateko egindako herria dela bezalako kontuak». Eguna txistulariekin eta Agur Jauna abestiarekin amaituko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!