Bihar San Roke Eguna Aranon eta Santiagomendin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 15a, 02:00

Bihar, urteroko zitari hutsik egin gabe, San Roke Eguna ospatuko dute Astigarragako Santiagomendiko ermitan eta Aranon. Batean zein bestean, ez da Santuaren omenezko mezarik faltako.

Santiagomendiko ermitaren bueltan
Goizeko 11:00etan meza izango da ermitan bertan. Mezaren ondoren, Astigar dantza taldearen emanaldia izango da ermita atarian; Maialen eta Naroa Aierbe Otaño trikitilariak ere inguruan ibiliko dira bazterrak alaitzen. Arratsaldean berriz ekingo diote jaiari. 16:00etan herriko Agin Rezola eta Ataungo Aitzol Barandiaran bertsolariak ariko dira kantuan. Jarraian Berriketan saioa izango da, abesti herrikoiak entzun eta abesteko aukera. Bitartean umeentzako herri kirolen inguruko jolasak izango dira, arratsaldeko 18:00ak arte.

Goizean meza, txistulariak eta pelota partiduak Aranon
Aranon ere ez da meza faltako larunbatean. Aurretik, 10:15etan, txistulariak elkartuko dira plazan; segidan, 10:30etan kanpai doinuek mezara deituko dute eta jendea San Roke ermitara abiatuko da, 11:00etako meza entzutera. Bukatzean, kalejira izango da ermitatik herrira, txistulariek lagunduta. Herrira ailegatutakoan, gazteen arteko ohiko pelota partiduak izango dira. Ondoren, txistulariak kalejiran ibiliko dira herrian barrena.

Omenaldia eta Arano Martxa
Eguerdiko 14:30etan herri bazkaria izango da Kontseju jatetxean. Bazkalostean Joxan Ruizi omenaldia egingo diote, urteetan jaia antolatzen egindako lanarengatik. Ondoren, Arano Martxa pieza joko dute lehenengo aldiz, Patxi Apezetxeak sortutako pieza eta Xabier Legarreta bertsolari aranoarrak letra jarritakoa. Iluntzean kalejiran ibiliko dira txistulariak eta 20:00etan bukatuko da festa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!