«Neguan 160-200 bonbona banatzen ditut egun bakar batean»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 15a, 02:00

Nongoa zara jatorriz eta nolatan zaude Hernanin?
Izatez marrokiarra naiz. 2005az geroztik ari naiz bonbonak banatzen Hernanin eta 2006az geroztik bertan bizi naiz.

Zer moduzko lana da? Esaten duten bezain gogorra da?
Egia esan, lan gogorra da. Bonbona normalek 25 kilo pisatzen dute gutxi gora-behera. Bonbona hutsak 13 kilo pisatzen ditu gutxi gora-behera; butanoarekin betez gero, 15,5 kilo gehiago ditu; propanoz betea baldin badago 11 kilo gehiago, eta haundi luzeak, industrialak, 35 kilo gehiago gutxi gora-behera. Gogorra da, karga haundia daramazulako. Adibidez Kale Nagusian edo Kardaberazen oso etxe gutxi daude igogailua dutenak eta gogorra da. Batzuetan seigarreneraino igo behar izaten ditut bi bonbona; bata bizkarrean, bestea eskuan. Zama arriskutsuak eramateko baimena ere atera behar izan nuen; kostatu zitzaidan, baina orain badaukat.

Zein ordutegi duzue?
Ez dugu ordutegi zehatzik. Guk banaketa egin behar dugu; nahi badugu 08:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00etan bukatu dezakegu; kuestioa da banaketa egitea. Nik nahiago dut bizi-bizi lan egin eta lehenago bukatu. Udaran eguerdira arte aritzen gara lanean; neguan 16:00-17:00ak arte.

Zenbat bonbona garraiatzen dituzu egunean?
Neguan gutxi gora-behera 160-200 bonbona banatzen ditugu egun batean, butanoa, propanoa eta haundiak; 2 edo 3 kamioika. Udaran, berriz, kamioika bat banatzen dugu, 70 bonbona gutxi gora-behera. Hori dena, bizkarrean garraiatuta.

Gero eta etorkin gehiago dago lan gogorretan. Zergatik?
Ni hasi nintzenean hemen Hernanin 15 pertsona ibili ziren sartu eta atera. Oso gaizki ordaintzen digute; komisioekin eta, hortxe-hortxe ibiltzen gara 800 eurotara iristeko hilaren bukaeran. 650 euroko nomina dugu, ez digute ematen dagokigun gutxienekoa ere. Nik nagusiari esaten diot eta ez du kasurik egiten; baina denerako da horrela: oinetakoak, eskularruak eskatu nizkion eta ez dituzte ekartzen, edo eskatu eta auskalo noiz ekartzen dizuten, edo behar ez duzuna ekartzen dizute. 800 euro inguru lortzen ditugu soldata, komisioak eta propinen artean. Bonbona txiki bakoitzeko 0,17 euroko komisioa dugu eta haundi bakoitzeko 0,42koa. Horri esker igotzen zaigu zertxobait soldata, baina hala ere, nora joan behar duzu 800 eurorekin? Orain Ramon Urquijo enpresarena da; esaten dute, lehen Alkorta enpresarena zenean, askoz hobeto ordaintzen zutela. Edozeinetaz aprobetxatzen dira, etorkinez eta etorkin ez direnez. Orain kristoren langabezia dago, igo egin da eta lana behar duzu... Ona duen bakarra da lasai zaudela; ez duzu arduradunik, ez inor atzetik zer egin behar duzun esaten...

Zer da gogorrena?
Bizkarra eta sorbaldak asko sufritzen dute. Batzuetan mina izaten dut sorbaldan eta lepoan. Gainera egunero-egunero lan berbera egiten duzu, ez duzu aldatzen, orduan... Hanka zuztarrak ere asko kargatzen zaizkit; askotan joan izan naiz medikutara. Batez ere, neguan gertatzen zait, hotzean eta hainbeste eskailera igo eta jaitsi; batzuetan errenka ibiltzen naiz.

Zein ibilbide dituzue? Nola egiten duzue auzoetako banaketa?
Astelehenetan Kale Nagusia, Kardaberaz eta Urbieta kalea egiten ditut. Asteartetan Ugaldetxotik behera hasten naiz: Ugaldetxo lehendabizi, Ereñotzu, Ergobia, Akarregi, Santa Barbara, Sorgintxulo eta Txirrita kalea egiten ditut. Asteazkenetan berriz, Kale Nagusia eta Kardaberaz egiten ditut, astean bitan egiten baititugu. Horiek egin eta gero Orkolaga, Florida, Mañe y Flaquer, Sagastialde eta Karmelo Labaka. Ostegunetan Lizeaga, Madalena, Larramendi, Victor Hugo, Lizarraga eta Onddi. Eta ostiraletan Portu auzoa, Elizatxo, Osiñaga eta Zikuñaga. Beti egiten dut ibilbide hori; ez badut egiten jai delako da edo gaixo nagoelako.

Eta biltegian zein ordutegi duzue?
Biltegia goizeko 07:30etatik arratsaldeko 18:00etara irekita dago, negu eta uda, astelehenetik ostiralera. Larunbatetan itxita dago, baina batzuetan lankide bat izaten da kanpoan kamioiarekin.

Zein da posturarik egokiena bonbonak garraiatzeko? Sorbaldan?
Karroan, ahal denean. Baina normalean sorbalda gainean eramaten ditugu, eskuan kosta egiten da. Bakarra bada sorbaldan, 2 badira bata sorbaldan, bestea eskuan; esku banatan eramateko, gaizki.

Lana jaitsi da, bestelako energiak direla eta?
Gero eta lan gutxiago dugu; gero eta jende gehiagok jarri duelako gas naturala. Butanoa pertsona zaharrek erabil-tzen dute gehien bat. Askok zuzenean niri deitzen didate, telefonora; dagoeneko elkar ezagutzen dugu.

Zenbat kide zarete biltegian?
Gutxi gora-behera 13 lagun. Iruneraino eramaten ditugu eta Mutrikuraino; Orio, Lasarte eta Andoain ere guk egiten ditugu. Donostia eta Erreteriara ere joaten gara. Nik Hernaniko buelta egiten dut.

Jendeak errespetuz ikusten du lan hori, gogorra delako akaso.
Ni Hernanin gustura nabil, jendea ezagutzen dudalako eta jendeak ezagutzen nauelako eta errespetatzen nauelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!