Goizuetako Amabirjinak, neurri-neurrira eginak

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 14a, 02:00

dagoeneko prest izango dira goizuetarrak jaiari ekiteko, izan ere, gaur eguerdiko 12:00etako txupinazoarekin hasiko dituzte festak. Gaur, Amabirjin bezpera, Gazte Eguna ospatuko dute eta bihar ere, Amabirjin Eguna izaki, egun haundia izango dute. Asteburuaren ondoren, astelehena izango da egunik ikusgarriena, Umore Ona peña gora eta behera ibiliko baita egun osoan zehar, ohitura duen bezala bazterrak alaitzen eta nahasten.

Txupinazoa Gaztetxean
Festetako egitarauaz gain, Goizuetako gazteek beren egitarau propio eta alternatiboa txertatu nahi izan dute jaietan; hala, eguerdian gazte poteoa egingo dute, DJ Bull dultzaineroak lagunduta. Ondoren, gazte bazkaria egingo dute, horretarako propio egindako paella ederrarekin. Gaurkoan bi txupinazo izango dira Goizuetan, eta bietan protagonistak gazteak; izan ere, Udaletxetik botako duten etxaferoa Gazte Asanbladak botako du, eta horrez gain, beren eguna izanik, eta ohiturari eutsiz, gazte txupinazoa botako dute Gaztetxean.

Ostiralean Amabirjin Eguna
Goizuetako festak Amabirjinak izanik, haren egunean ezin mezarik falta; 10:30etan izango da eta segidan ohiko prozesioa egingo dute Amabirjinarekin. Elizkizunez gain, ez dira faltako goizean goizeko diana, entzierroak, herri kirolak eta abar. Herri kiroletan Mindegia eta Larretxea aizkolariak izango dira bertan, eta Goenatxo eta Landarbaso harrijasotzaile lanetan.

Pilota ezin falta
Punta-puntako pilotariak eman dituen herrian ezin pilota partiduak falta. Ostiralean eskuz binakako bi pilota partidu izango dira, 12:30etan hasita, gazteen artekoa eta lehendabiziko mailako afizionatuena. Larunbatean ostera, eguerdiko 12:00etan hasita, kadeteen eta afizionatuen arteko pilota partiduak izango dira. Igandean berriz, oraingoan 12:30etan, eskuz binakako bi pilota partidu izango dira, gazteen artekoa eta lehendabiziko mailako afizionatuena. Astelehenean ere, eguerdiko 12:30etan hasita, bi pilota partidu izango dira: batetik, 4 1/2aren barruko lehendabiziko mailako afizionatuena, eta ondoren, aspaldiko ohiturari eutsiz, Goizueta eta Aranoren arteko lehia izango da. Umore Ona peñaren eguna astelehenean Astelehena egun ikusgarria izango da goizuetarrentzat eta egun horretan propio joaten diren ingurukoentzat. Izan ere, Umore Ona peña ateratzen denean ikuskizun ederra izaten da, kalez kale dabiltzanean, elkarri lotuta, festako txoko guztietan sartzen edo festarik ez dagoen lekuetan festa jartzen.

Asteartea heldu eta umeentzat
Asteartea izango da aurtengo Amabirjin jaietako azkeneko eguna, Udala eta ikastolako tabernaren artean antolatua. Eguerdian sagardo probaketa izango dute, eta ez nolanahikoa, Gipuzkoa eta Nafarroako sagardogile onenak parte hartuko baitute bertan. Arratsaldean umeentzako ekitaldiak izango dira besteak beste: Gari, Lontxo eta Joselontxo pailazoen emanaldia eta tailerrak. Umeak aspaldi hasiak dira herriko festak ospatzen, izan ere, joan den igandean izan zuten beren eguna.

Autobus zerbitzu berezia
Goizuetako Udalak antolatuta, aurten autobus bereziak izango dira Goizuetako joan-etorria egiteko, batez ere asteburuari begira. Gaur, arratsaldeko 19:00etan abiatuko da autobusa Hernanitik, Urbieta kaletik. Bihar eta etzi, goizeko 09:00etan Goizuetatik Hernanirako autobusa izango da eta arratsaldeko 19:00etan, Hernanitik Goizuetarakoa. Igandean ere, hilak 17, autobusa izango da Goizuetatik Hernanira, goizeko 09:00etan.

Autobusak - ohikoa
Abuztuak 14,18,19
Goizuetatik: 09:00 eta 15:00
Hernanitik: 12:00 eta 19:00
Autobus bereziak
Abuztuak 14,
Hernanitik: 19:00
Abuztuak 15-16,
Goizuetatik: 09:00
Hernanitik: 19:00
Abuztuak 17,
Goizuetatik: 09:00
Lekua: Goizuetan: Bonbero parketik
Hernanin: Urbieta kaletik

 

PILOTA PARTIDUAK
Ostirala 15, 12:30 Eskuz binaka

Gazteak Apezetxea (Goizueta)-Albisu(Ataun)/ Galartza (Irurtzun)-Lukin (Zizur)
Afizionatuak Renobales (Alegi)-Aranalde (Orio)/ Lazkoz (Iruztzun)-E. Galarraga (Orio) Larunbata 16, 12:00 Afizionatuak
Kadeteak Loidi (Andoain)-Ugalde (Oiartzun)/ Taberna (Lezo)-Maiza (Añorga) Afizionatuak Narbarte (Goizueta)-K. Galarraga(Bidania)/ Epelde (Azkoitia)-Telletxea (Albistur)
Igandea 16, 12:30 Eskuz binaka
Gazteak Zabaleta (Goizueta)-Zubiri (Berastegi)/ Olaetxea (Lizartza)-Irastortza (Oiartzun)
Afizionatuak Urrutikoetxea (Zaratamo)-Linzoain (Huarte)/ Ollo (Irurtzun)-Arraztoa (Irurita)
Astelehena 18, 12:30 4 1/2an 
4 1/2an Afizionatuak Elurbe (Lizartza)/Jaunarena (Leitza)
Goizueta-Arano O. Apezetxea-X. Apezetxea (Goizueta)/ Narbarte-Legarreta (Arano)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!