«Txupinazoa botatzea motibazio haundia da; Gazte Asanbladak egindako eta egiten duen lanaren errekonozimendua»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 14a, 02:00

ibai Zubiri eta Itsaso Lujanbiok urteak daramazkite Goizuetako Gazte Asanbladan. Horregatik eta Gazte Asanbladaren lanaren errekonozimendu gisa, aurten berak botako dute festen hasierako txupinazoa.

Gazte Asanbladak botako du festen hasierako etxaferoa. Zergatik?


Itsaso: Ikusten delako azken urteetan indar haundia egin duela Gazte Asanbladak herriari begira, eta bizitasun haundia eman diola.

Eta zergatik botako duzue zuek biak? Nola erabaki duzue?

Ibai: Bilera batean erabaki zen. Hasteko, neska batek eta mutil batek egitea erabaki zen. Guk urteak egin ditugu hemen, agian horregatik... Jende berriak izango ditu beste aukerak.

Gaur gainera Gazte Eguna duzue; egitarau berezia duzue, baita Gazte Txupinazoa ere!

Ibai: Bai, baina hori ez da berria. Lehen ere egiten zen Gazte Eguna, festetako egitaraua indartzeko. Eta Gazte Eguna sortu baino lehen ere, aspalditik Gazte Txupinazo Alternatiboa egiten zen. Itsasok eta biok txupinazo ofiziala botako dugu, eta Gaztetxekoa belaunaldi berriek botako dute.

Gazte poteoa egingo duzue gaur DJ Bullekin.

Itsaso: Bai, duela hiruzpalau urte parrandara etorri zen, dultzainarekin, eta kristoren giroa jarri zuen eta hurrengo urtean deitu egin genion.

Kontzertuak ere izango dira hurrengo egunetan.

Itsaso: Igandean, kontzerturik ez, baina Ion Plazaolaren monologoak izango dira, barrezkoak. Eta gauean kontzertuak izango dira: Deskontrol Arrasatekoak eta UEK taldeak. Urte asko egin dituzue Gazte Asanbladan? Itsaso: 14-15 urterekin hasi ginen eta 7-8 urte daramazkigu. Orain gutxixeago egoten gara, gauzak aldatzen baitoaz.

Zer egiten duzue urtean zehar?

Ibai: Bost lantalde daude; talde bakoitza hilabetero ekintza bat edo bi antolatzeaz arduratzen da. Izan leike kontzertua, hitzaldia, irteera, gazteentzat, umeentzat, helduentzat... Antolatu, lan taldeak antolatzen ditu, baina denok gaude lanerako. Urtean zehar ekintza finkoak daude: Inauterietan laguntzen dugu, Txinoko festak antolatzen ditugu, herriko taldeen laguntzaz, azaroko feriak, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera; abenduan Goizueta eta Leitzaren arteko topaketa egiten dugu, aurten 5garrena, eta urte zaharreko festa. Udan gauza gutxiago izaten dira: Gizarte zerbitzuak lagundutako ikastaroak eta festak. Itsaso: Bai, kuestioa da jendeak eta taldeek konpromezua hartzea zerbait egiteko. Gainera, ez gara aisialdira bakarrik mugatzen; esate baterako, orain etxebizitzaren arazoaren inguruko lan talde bat dugu.

Jendeak erantzuten al du?

Ibai: Normalean bai, baina beti ez. Batzuei iruditzen zaie Gazte Asanbladak antolatutako ekintzak gazteentzako bakarrik direla eta ez da horrela. Itsaso: Urtean zeharreko ekintzetan bai, horietan bai, jendeak parte hartzen du.

Zenbat lagun zabiltzate orain Gazte Asanbladan?

Itsaso: Gazte Asanbladan 15-20 bat lagun gabiltza eta Gaztetxearen bueltan 40 bat lagun. Aurten 17 urte dira Gazte Asanblada eta Gaztetxea martxan jarri zirela.

Goizuetako Gazte Asanblada eta Gaztetxea indartsu sumatzen dira.

Ibai: Ekintza motaren arabera ere izaten da aldea. Itsaso: Nik sormena sumatzen dut faltan.

Baliabide aldetik zer moduz zabiltzate?

Ibai: Baliabideak baditugu. Lokala Udalarena da. Orain proiektu bat dago Gaztetxearen lekuan kultur etxe bat egiteko. Udalarekin hitz egin dugu, hori gertatuko balitz, Goizueta Gaztetxerik gabe ez geratzeko. Bestalde, festetan, Gaztetxeko tabernarekin eta Ikastolako txosnarekin ateratzen dugunarekin, urte osorako behar dugun dirua eskuratzen dugu.

Txupinazoa dela eta, urduri zaudete?

Itsaso: Oraindik ez, baina balkoira ateratzean... Ibai: Lotsa pixka bat ere sentituko dugu.

Espero al zenuten?

Biak: Ez, ezustean harrapatu gaitu.

Pentsatu al duzue zer esan?

Itsaso: Aprobetxatu nahi izan dugu zerbait berezia egiteko: aurresku bat dantzatu, idatzi bat egin dugu, preso dagoen Iñigo gogoratu, eta batez ere, jendea zoriondu nahi dugu, egindako eta egiten den lanarengatik. Guretzat motibazio haundia da txupinazoa botatzea, Gazte Asanbladak egindako eta egiten duen lanaren errekonozimendua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!