Herria dantzan jarriko du larunbatean Umore Ona dantza taldeak

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 14a, 02:00

umore Ona dantzari taldeak dantza emanaldi bikaina prestatu du larunbat arratsalderako, 19:00etatik aurrera, plazan. Izan ere, herritar askok, ume, gazte eta helduk parte hartuko dute festetarako propio prestatutako dantza emanaldian. Umore Ona dantza taldea 1986an sortu zen. Urte oparoak izan zituen orduan eta herrian dantzatzeaz gain, Euskal Herrian barrena eta Kataluinan barrena ere ibili ziren. Urte makalxeagoak etorri ziren gero eta duela bizpahiru urte hainbat herritarrek berriz ekin zioten herrian dantza bultzatzeari.

Zaharrak berri
Umore Ona dantza taldean badira urte osoan zehar aritzen diren taldeak. Larunbatean ordea, ez dira betikoak bakarrik arituko, izan ere, antolatzaileek herritarrak astindu eta jende berria bildu dute okasiorako, gehienak lehen inoiz ibilitakoak dantza taldean. Beraz, herri erdia izango da dantzan: zaharrak, gazteak eta umeak, neskak eta mutilak, dantzariak eta afizionatuak. Unai Miranda irakaslearen esanetan, «jendea izan, bazen; baina ez da erraza, umeei irakatsi egin behar zaie; eta batez ere, mutilak nahi genituen, ikusteko mutilek ere egiten dutela dantza».

Koadrila ederra eta errepertorio zaba
Dantza saioa guraso batzuen iniziatibaz sortu zen; beraiek lortu dituzte jantziak, materiala eta abar. Jakina, hor zegoen Umore Ona dantza taldea ere. Guztira 40tik gora lagun ariko dira larunbatean dantzan, 6 eta 46 urte bitartekoak. Euskal Herri osoko dantzak plazaratuko dituzte, esate baterako, Sorgin Dantza, Ziekoko Dantza, Ezpata Dantza, Aurreskua eta aurtengo berrikuntza izango dena, Kaxarranka (Lekeitioko dantza), Fernando Goiak kutxa gainean dantzatuko duena.

Unai Miranda maisu
Unai Miranda izan dute maisu dantzariek, Elena Garcia lagun duela, biak ala biak dantzan arituak urteetan. Laguntzaile izan dituzte berriz, Goizuetako Udala, Umore Ona elkartea eta Trebeska Egiako dantza taldea, jantziak eta materiala utzi dizkien dantza taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!