Bihar irekiko da ehiza denboraldiko beda erdia eta Txantxangorrin gaur hasiko dira zozketekin.

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 14a, 02:00

ABUZTUA aurrera doan heinean ehiza garaia ere hastear da. Bihar irekiko da beda erdia eta Txantxangorri Elkartea gaur hasiko da postuen zozketekin. Aurtengoan 35 postu zozketatuko dituzte eta zozketak egunero izango dira, arratsaldeko 20:00etan. Zozketatutako postuak hurrengo egunean ehiza egiteko bakarrik balioko dute. Beda erdian Oriamendi, Montebideo eta Altzeagainekoak postuak izango dira.

Ehiza baimendutako postuetatik bakarrik
Beda erdia garaian, ehiza, federazioak baimendutako postuetatik bakarrik egin ahal izango da. Ehizatu daitezkeenak berriz, usoa, tortola eta galeperrak izango dira. Txantxangorri Elkartekoek esan digutenez, «garai honetan ez da uso askorik ibiltzen, hala ere, bat edo beste pasatzen da».

Urrian beda osoa
Beda erdiak bihar ireki eta irailaren 21a arte irauten du. Beda osoa aldiz, urriaren 12an irekitzen da eta urtarrilaren 30a arte irauten du. Bitartean, irailaren 21etik urriaren 12ra postu fijoetatik edota federazioak baimendutako postuetatik bakarrik egin ahal izango da ehiza. Beda osoan askoz postu gehiago zozketatzen dira eta hemendik aurrera ere jende gehiago ibilitzen da zozketetan. Larregain-Akola inguruan 40 postu zozketatzen dira, Asketa inguruan berriz 50 postu, eta behe postuetan, hau da, Oriamendi inguruan 35 postu zozketatzen dira. Txantxangorri Elkartekoek esan digutenez «postu kopuru hauek gutxi gora beherakoak dira.»

Joan den urteko datuak
Iaz Txantxangorrin guztira 4.814 postuen eskaera egin zen, eta hauetatik 4.181 postu baimen eman ziren. Arizmendi inguruko postuen zozketa 101 egunetan egin zen, 2.034 ehiztarik hartu zuten parte eta 1909 postu baimendu ziren guztira. Larregain inguruan berriz, 42 egunetan egin ziren zozketak, 859 ehiztarik hartu zuten parte eta guztira 856 postu baimendu ziren. Asketa inguruan ere, 42 egunetan egin ziren zozketak, 1921 ehiztarik hartu zuten parte eta orotara 1416 postu baimendu ziren. Ehizerako baimenduta zeuden postu guztietan ehizatu zenaren batura eginez gero, guztira 67 uso, 778 birigarro, 14 tortola eta 12 bestelako ehizatu ziren; orain dela bi urte baino dexente gutxiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!