«Oinez gehiago ibiltzeko gomendatuko nioke jendeari, Hernanin ez baitago distantziarik»

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 14a, 02:00

Zein da trafikoaren egoera herrian?
Egunetik egunera kotxe gehiago dago; kotxearekin leku guztietara; iruditzen zaigu kotxearen zerga ordaintzeagatik eskubidea dugula ateraino joateko. Gaur egun etxe batean hiru heldu baldin badaude, hiru kotxe daude. Pentsakera arazoa da azken finean; ez dugu pentsatzen kotxea kontu pertsonala dela eta kontu publiko bihurtzen dugu; Udalak guretzat aparkatzeko espazioa ziurtatzea nahi dugu. Kontua da kotxea dutenei eta ez dutenei espazio bera dagokiela; zergatik orduan uste dugu kotxea izanez gero, espazio gehiago dagokigula? Zirkulazio zerga ordaintzen da txukun zirkulatu ahal izateko, alegia, bideak ondo asfaltatuta izateko, ondo seinalizatuta... egoera onean. Ez ziurtatzeko espazio publikoaren zati bat gurea denik.

Ba al dago gune gatazkatsurik?
Oraintxe bertan Lizeaga eta Larramendi dira arazo gehientsuenak ematen dituzten kaleak. Orokorrean erdigunea izaten da zonalderik zailena, Victor Hugotik Zinkoenearaino. Izan ere, hor daude tabernak, dendak eta abar, eta hor biltzen da jendea. Azkenean dendariek arazoak izaten dituzte, bertako bizilagunek ere arazoak, eta kanpotik datozenek ere bai.

Urbieta eta Elkano kaleetako TAO guneak. Zein da sistema? Jendeak errespetatzen al du? Zein balorazio egingo zenukete?
Froga bezala jarri zen. Dohainik da eta jendeak ordua kontrolatzea da helburua. Isun batzuk jarri dira baina ez gaude egun osoan gainean. Dendariek, berriz, gustura hartu dute. Txantxillako parkina desagertzean, ez al du gainezka egingo herriak? 300 kotxe inguru sartzen dira Txantxillan gutxi gora-behera. Txantxilla luxu bata da; inguruan ez dago herririk zentroan horrelako aparkalekua duenik. Argi dago desagertu egingo dela; lehen urruti zegoela iruditzen zitzaigun, eta desagertzen denean, irudituko zaigu ezin dugula Txantxillako aparkalekua gabe bizi. Hasieran lau buelta eman eta gero joaten ginen; orain lehendabizikoan.

Lan handia izaten al du gruak?
Garabia lan tresna bat da guretzat, ez da dirua lortzeko tresna. Urte hasieratik maiatzaren bukaera arte 47 kotxe eraman zituen adibidez. Batez ere traban dauden kotxeak eramateko erabiltzen dugu. Helburua dirua biltzea balitz, egunean 10 kotxe eraman genitzake, baina ez da hori helburua. Lanerako tresna da.

Zintzoak al dira gidariak?
Denetarik dago, orokorrean bai, baina nahikoa da %10 lana emateko. Urtarriletik maiatzera denera 2.000 isun jarri dira gutxi gora-behera. 976 espediente ireki ditugu eta gutxi gora-behera beste hainbestek momentuan ordaindu dute isuna. Isun gehienak jartzen ditugu, batez ere espaloietan aparkatzeagatik, oinezkoen pasabideak ez errespetatzeagatik, elbarrien aparkalekuak eta zamalan esparruak erabiltzeagatik eta telefono mugikorrez hitz egiteagatik; 2garren lerroan aparkatzea bezalako kontuekin flexibleagoak gara; inori ez badio kalterik egiten...

Eguna edo garaiaren arabera tratamendua ezberdina izaten al da, Gabonetan, txotx denboraldian?
Jakina. Ez da berdina gauez edo egunez izatea. Normalean gauez malgutasun handiagoa dugu, auzoaren arabera, ez badu trabarik egiten... Txotx denboraldian eta Gabonetan zorrotzagoak gara. Jendea parrandara dator, ez du presarik, denbora badu urrutixeago aparkatzeko; gainera normalean jende gaztea da eta sasoian dago ibiltzeko.

Zein gomendio emango zenuke?
Oinez gehiago ibiltzeko, Hernanin distantziarik ez dagoelako. Ezinezkoa da Portutik kotxean etortzea poteatzera... Gidariak argi izan behar du kotxea gure tramankulu pribatua dela eta norberak konpondu behar duela bere arazoa; ez da administrazioaren lana. Zerga ordaintzeak, biñetak, ez digu eskubidea ematen nahi duguna eskatzeko.

Alkoholemiarik egiten duzue?
Guk ez, ez baitugu tresnarik. Patruilan gabiltzala zerbait sumatzen badugu, saiatzen gara pertsona horrekin hitz egiten baina ezinezkoa bada, pertsona hori Ertzain etxera eramaten dugu. Askotan kotxea gelditu, giltzak jaso eta ordu batzuetara itzultzeko esaten diogu.

Hernaniko web orrian trafikoari buruzko foroa dago. Kasurik egiten al diozue?
Ekarpen interesgarririk egiten al dute herritarrek?
Bai, irakurtzen dugu; ekarpen batzuk interesgarriak direlako. Hori bai, ez dugu inoiz erantzuten. Duela 3 edo 4 urte Latsunben baterian eta atzeraka aparkatzeko lekua jarri zenean kristorenak jartzen zituzten, ´aparcamiento a la hernaniarra´ esaten zioten... gero denborak erakutsi du sistemarik seguruena aparkatzeko hori bera dela. Azkenean, kristorenak esan eta gero, jendea ohitu egin da. Kritikak jasotzen ohituak gaude. Hala ere, ekarpen batzuk oso onak izaten dira. Batzuk idatziz bidaltzen dizkigute... irekiak gaude. Azkenaldian kexa asko elbarrituen aparkalekuen ingurukoak izan dira; baina kontuz, txartelak batzuetan ez baitira ondo erabiltzen... Askotan jendeak ez daki gai baten inguruko kontuak nola dauden... jendeak guri botatzen digu errua, baina ez du ikusten gai bakoitzak bere prozedura duela...

Zenbat kide zaudete orain lanean?
30 lagun gara; sarjentua, bost kabu, bakoitza 4 udaltzainekin; 5eko 5 talde gara. Gainera bide heziketarako bi lagun daude eta 2 ikuskatzaile. Trafikoaz, segurtasunaz eta tokatzen diren arazo puntualetaz arduratzen gara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!