3, 2, 1... Akzioa!!! Biteri kultur etxean

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 14a, 02:00

Euskarazko musikal baterako eszenak grabatu berri dituzte Biteri kultur etxean. Hernaniar asko aritu dira figurante.

Hernaniar asko figurante lanetan aritu ziren joan den astean Pausoka ETBrako grabatzen aritu den pelikula batean. Asteazkenetik ostiralera aritu ziren Biteri kultur etxean grabatzen eta, figuranteak behar zituztela eta, deialdia luzatu zuten; baita hernaniarrek erantzun ere.

Gazte eta helduak

Deialdian bi adin tartetako jendea eskatzen zuten, bata gazteena, 13-20 urte bitartekoa eta bestea helduxeagoena, 30etik gorakoena. Denetarik bildu zen kultur etxera. Figurante izanik, ez zuten ez hitz egin, ez abestu, ezta dantzatu ere egin beharrik izan. Pazientzi ederra erakutsi zuten hori bai, zuzendariaren aginduetara, orduak eta orduak, sekulako beroarekin.

Go!azen musikala

Go!azen Pausoka ETBrentzat grabatzen ari den musikala da. Bertan, uda pasatzera Basakabi izeneko udalekura doan 16 urteko gazte talde baten ibilerak kontatzen dira. Pelikulan hainbat kantu eta dantza txertatzen dira; 100dik gora dantzarik hartu dute parte grabaketan eta 11 koreografia egin dituzte. Kantuei dagokienez berriz, euskal errepertoriotik edan dute, abesti klasikoak eta moda-modan daudenak abestu eta dantzatuz.

Erantzun ona

Pelikula gehiena Azpeitian grabatu dute baina eszena batzuk Hernaniko kultur etxean grabatu dituzte. Antolatzaileen esanetan, aretoa egokia zen eta Udalaren aldetik ere laguntza haundia jaso dute; horregatik grabatu dituzte eszenak Hernanin. Bestalde, figurante bezala parte hartzeko deialdiari oso ondo erantzun dio Hernaniko jendeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!