´Urruzuno` edo ´Etxolaberri` erreka Hernaniko luzeena da

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 13a, 02:00

URRUZUNO edo Etxolaberri bezala ere ezagutua den erreka, Hernaniko luzeena da. Gainera, Latse eta Epele errekekin batera herriko errekarik garrantzitsuena da. Etzeleko lepoaren azpialdean du sorrera eta Olazarko auzoan elkartzen da Urumea ibaiarekin. Oso erliebe malkartsuko erreka da, gune askotan %50eko malda baino gehiagoko guneak baititu.

Ibaiertzeko basoaren egoera
Iturburutik gertu haltzadia da nagusi. Hala ere, urritzak, lizarrak eta haritzak ere topa daitezke bertan; noizik eta behin pagoak ere ageri dira. Errekan behera egin ahala, platanoak, haltza, lizarra eta gaztainak ere baditu ertzean. Urmenditik behera berriz, platanoa da nagusi, nahiz eta haltza, lizar eta sasiakaziak ere aurki ditzakegun bertan. Noizbehinka, Lawson altzifrearen landaketak ere ikusten dira.

Landareria eta hildako egurra
Urruzuno errekaren sorburutik gertu alertze eta pinu landaketa gazteak dira nagusi, nahiz eta beheraka joanez gero, pinu landaketa zaharra eta haritzez osatutako baso misto artetik ere pasatzen den. Hildako egurrari dagokionez, enbor haundiren bat erorita ikus daiteke, baina gutxi. Iturburutik gertu berriz, egur hil ugari dago.

Ur kalitatea eta biologia kalitatea
Egindako azterketen arabera, biologia kalitatea oso altua da. Ur kalitatea berriz, ona dela esan daiteke, ubidearen inguruan oso eraikuntza gutxi baitaude. Flora eta fauna Urruzuno erreka bisoi europearrarentzat eta ur satorrentzat interez bereziko gune bezala dago katalogatua.

Arriskuak eta proposamenak
Urruzuno arroaren inguruan pinu ugari daude landatuak eta pinudi osoa batera mozten bada, arazo larriak gerta daitezke. Proposamenak haltzadiaren hazkuntza ahalbidetzea eta Udalak inguruko lur pribatuak pixkanaka erosteko pausuak ematea dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!