Burugain txapeldun Aian, eta Galarraga bigarren

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 10a, 02:00

Lan bikaina egin zuten Hernaniko bolariek, eta 5 hernaniar sartu ziren lehenengo zortziretan.

Tiraldi bikaina izan zen joan den astekoa hernaniarrentzat, Aian aurreneko zortzi postuetan 5 hernaniar izan baitziren. Probintzia mailako txapelketa zen Aian jokatu zena.

Burugain eta Galarraga nagusi

Aurren-bigarrenak hernaniarrak izan ziren. Miguel Burugainek irabazi zuen txapelketa, 36 brila botata, eta bigarren Fernando Galarraga izan zen, hau ere 36 brila botata. Beste hernaniarrak ere bertan ibili zituzten. Bosgarren Miguel Arrozpide izan zen, 35 brila botata; zazpigarren, Jose Zapirain sailkatu zen, hau ere 35 brilarekin. Azkenik, zortzigarren Jose Ugalde izan zen, 34 brilarekin, eta lan ederra eginda bera ere. Hurrengo tiraldia Zerainen izango dute, astean zehar. Joan den igandean bezalako emaitzak lortzea ez litzateke seinale txarra izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!