‘Epele’ basoa gaztea da eta azalera dezentekoa du

Kronika - Erredakzioa 2008ko abuztuaren 10a

Haziera maila ertaina du, egur hil gutxi dago eta haritza, pagoa eta gaztainondoa bezalako zuhaitzak topa daitezke bertan.

EPELE basoa epele errekaren hegoaldean dago, baso mixtoa da eta 34 hektareako azalera du. Baso gaztea da, nahiz eta noizbehinka zuhaitz zaharrak topa daitezkeen bertan, sakabanatuta. Beraz, basoak duen adin egitura ez da oso aberatsa, zuhaitz gehienak gazteak baitira.

Ohianpea eta egur hila

Epele basoaren ohianpea garapen ertainekoa da, baina aldakorra. Inistor dezente dago eta argiuneetan txilardi-otadietako landareak eta laharra aurki daitezke. Honek guztiak ohianpearen garapena handiagotu egiten du. Basoan zehar abiatuz gero, egur hil gutxi topa daiteke, zuhaitz gehienak gazteak baitira. Hala eta guztiz ere, tarteka, erorita dauden egur meheak ikusten dira.

Biodibertsitatea

Epeleko basoak azalera azpimarratzekoa du, gainera, pasabide ekologiko gisa ere garrantzitsua da basoa. Honetaz gain, ezin daiteke esan, berez, Epele basoak zuhaitz masa espezie bakarrekoa duenik. Bertan, haritz kanduduna, pagoa, gaztainondoa, lizarra, haritz amerikanoa eta sasi-arkazia topatu ditzakegu. Bestalde, gaur egun basoan ez dago jarduera garrantzitsurik; abereek erabiltzen dute bazkarako.

Arriskuak eta proposamenak

Etorkizunera begira, Epele basoaren arrisku nagusienetariko bat basoa moztea izan daiteke. Honek basoaren korridore ekologikoa hautsiko luke eta errekan eragin handia izango luke. Beste arrisku bat sasi-arkaziaren presentzia da, basoaren erregenerazioa eragotzi baitezake. Azkenik, proposamen bat sasi-arkaziak ezabatzeko neurriak hartzea da, eta bestea hildako egur kopurua handitzeko zenbait zuhaitz botatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!