Donostiako Aste Nagusia gaur hasiko da tradizioa den kanoikadarekin

Kronika - Erredakzioa 2008ko abuztuaren 9a

DONOSTIAKO Aste Nagusiari tradizioa den kanoikadak emango dio hasiera ofiziala, gaur arratsaldeko 19:00etan. Aurtengoan, ohitura guztiak hautsiz, egun bat lehenago hasiko dira jaiak. Normalean, igandetik igandera izaten diren arren, aurten, gaur hasi eta datorren larunbata bitartean izango da festaz gozatzeko aukera hiriburuan.

Ekitaldi ugari goizetik hasita
Jaiak ofizialki arratsaldean hasiko diren arren, goizeko 10:00etatik aurrera ez dira ekitaldiak faltako. Goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean euskal pilotan jokatzen ikasi nahi dutenek aukera izango dute Trinitate plazan. Ordu berean, 72garren Salto Txapelketa Internazionala izango da Loiolako hipikan. Arratsaldean, musikaz gozatzeko aukera izango da hasi berri den Hamabostaldiko kontzertu batekin, Santa Teresa komentuan. Beranduxeago, 18:25etan, kanoikadako momentua girotzen hasteko, perkusioa, txalaparta eta zangaluzeak izango dira Alderdi Ederren. Ondoren, 19:00etan Donostiako jaien ezaugarri den kainokada izango da Alderdi Ederren. Afalordua bitartean, hiriburua musikaz beteko duten txarangak, bandak eta txistulariak izango dira kaleetan barrena. Tartean, arratsaldeko 20:30etan 17garren Donostia Hiria pop-rock txapelketako finala izango da Haize Orrazian. Gauean berriz, 22:45etan, bai Hernaniko eta baita inguruko herrietako jende ugari biltzen duten su artifizialak izango dira.

Kontzertuak
Jaietako lehen eguna kontzertuekin amaituko da. Hauek, Easo plazan, Boulevardeko kioskoan, Gipuzkoa plazan, Kursaalen, Sagüesen eta Paseo Berrian izango dira. Su artifizialen ondoren, egunero izango dira kontzertuak aipatutako lekuetan. Gune bakoitzak musika estilo jakin bateko kontzertuak eskainiko ditu; Paseo Berrian adibidez, euskal taldeak izango dira nagusi, Sagüesen aldiz, gaur arrakasta duten pop-rock estiloko talde ezagunak izango dira.

Aste Nagusi Pirata
Donostiako Aste Nagusi ofizialaren alternatiba izaten da Aste Nagusi Pirata; aurtengo jaiak, Bota aingura gune herrikoietan lelopean ospatuko dituzte. Jai nagusiak baino egun bat lehenago hasi eta egun bat gehiago luzatuko dira, atzo hasi eta datorren igandean bukatuko baitira. Aste Nagusi Pirataren egitarauaren barruan, Abordatzea deituriko ekitaldia izaten da oihartzun haundienetarikoa izaten duena. Bertan, partehartzaileak aurretik propio egindako batelekin abiatuko dira Portutik. Beraz, era batera edo bestera, festaz gozatu nahi duenak izango du nahikoa aukera Donostian.

GAURKO EGITARAUA
10:00-13:00 Euskal pilotako hastapen ikastaroa
10:00-19:00 LXXII. Salto Txapelketa Internazionala
18:00 Musika Hamabostaldiko kontzertua
18:25 Kanoikadara espektakulua
18:30 Buruhaundi eta erraldoiak
19:00 Kanoikada
19:30 Los Incansables Txaranga
19:30 Los Pasai Txaranga
20:00 Illumbe banda Boulevardeko Kioskoan
20:30 XVII Pop-rock Donostia Hiria Txapelketa
22:45 45. Su artifizial txapelketa, Toste pirotekniaren eskutik
23:15 Zezen suzkoa
23:30 Alboka Easo plazan
23:30 Entrepasos espektakulua Boulevardeko kioskoan
23:30 Otsoko antzerkia Gipuzkoa plazan
23:30 Triple Conexion SL Kursaalen
23:45 M-Clan taldea Sagüesen
00:00 Berbena Paseo Berrian
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!