KANPOKOA bezalaxe, herri barruko paisaia aldatzen ari da etengabe: eraikin berriak egiten dira, zaharrak bota, bazterrak txukundu edo egokitu egiten dira eta abar.
15 urte Marieluts baserria bota zutela
Oraindik oso gogoan dute hernaniarrek Marieluts baserria, paraje ederrean kokatua. Baserria duela 15 urte bota zuten etxebizitzak egiteko. El Diario Vascok urtarrilaren 15eko kronikan jaso zuen berria, baserriaren argazki eta guzti. Bertan dioenez, «baserri garrantzitsua izan zen, bertakoek 70 urte baino gehiago egin zituzten bertan, eta botatzeak nostalgia sortu zuen askoren artean».
Karobietako parkea habaila bizian
1992-93ko El Diario Vascok jarraipen estua egin zion Karobietan egiten ari ziren parkeari eta behin eta berriz jasotzen duenez, habaila batean egin zuten parkea. Maiatzeko albiste batean jasotzen denez, Udal Musika Bandak inauguratzekoak zituen Karobietako parke eta kioskoa.
Urumea ibaia bideratzeko lanak
1993ko apirilean jasotzen denez, ordurako ari ziren Urumea bideratzeko lanak egiten; «50 urte inguru dira Urumeako uholdeen eta ondorioen menpe baina irtenbidea lortzeko garaia dator, dagoeneko hasiak diren bideratze eta dragatze lanekin». Ordura arteko lanek, Karabel eta Floridako presaren artekoek «itxura ona dute baina Portuko bizilagunek ere lasaitasuna behar dute».