Udalak Villa Politena bota egingo du, Gobernu Batzarrak hala erabakita

Kronika - Erredakzioa 2008ko abuztuaren 11

«Egoera oso txarrean» dagoelako botako dute etxea, batik bat, eta berehalaxe hasiko dute obra. Villa Politenako jardinean parkea egitea ere erabaki du Gobernu Batzarrak.

Udalak Villa Politena bota egingo du, joan den asteko Gobernu Batzarrean hala erabakita. Etxea oso baldintza kaxkarretan dago, eta azken hilabeteetan jende asko sartzen ari denez bertara, arrisku haundiko lekua bihurtu da, Udaletik Kronikari jakinarazi diotenez. Horrez gain, Villa Politenako jardinean parkea egitea ere onartu du Gobernu Batzarrak, eta udaberrirako lanak bukatzea espero dute.

«Arrisku haundiko lekua»

Marian Beitialarrangoitia alkateak Kronikari jakinarazi dionez, Villa Politenan gero eta arrisku haundiagoa dago, eta hori da botatzeko arrazoi nagusia. Etxea egoera txarrean dago, Beitialarrangoitiaren esanetan, eta jendea bertara sartzen denez, ezbeharren bat gertatu liteke. Joan den hilean sute bat ere izan omen zen barruan. Bestalde, Villa Politenarako Udalak proiektu bat baino gehiago izan ditu, baina eraikinaren egitura eta distribuzioa ez dira batere egokiak proiektu horietarako. Udalak ahalik eta azkarren botako du etxea, urgentzizko prozeduraren bitartez, eta horretarako 125.000 euroko diru partida dauka.

Parkea udaberrirako

Villa Politenako jardinean parke publikoa egitea onartu zuen, baita ere, joan den asteko Gobernu Batzordeak. Proiektua egina dago (ABR Arkitektoak eta LUReko paisajistek egina) eta 450.000 euroko aurrekontua izango du. Orain lehiaketa publikora aterako da proiektua eta udazkenean adjudikatuko da. Hortik aurrera 6 hilabeteko epean egingo dituzte lanak, eta beraz, udaberrirako parke berria izango dute auzoan.

Zuhaitz aldetik oso aberatsa da parkea

Parkea egiteko proiektuak bereziki azpimarratzen du bertako zuhaitz aberastasuna. Zuhaitz espezie asko ditu; horietatik asko oso egoera eta itxura onean. Lizarrak, magnoliak, indigaztainak, ereinotz edo erramuak, abetoak, criptomeria japonicoak, tuliperoak... Parke berriak 8.000 m2-ko azalera dauka, eta paseatzeko eta atseden hartzeko lekuak izango ditu. Eguzki-uneak eta itzalak ere izango ditu eta inguruko auzuneetatik sarrera irteera zabalak, bata bestearekin komunikatzeko pasabide lana egingo baitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!