Atsegindegi plaza ixteko toldoak jarriko dituzte aldeetan, igo eta jaistekoak

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 8a, 02:00

badira urte batzuk Atsegindegiko plaza egin eta aterpea jarri zenetik. Ordutik hona, ugaritu egin dira bertan egiten diren ekitaldiak, esaterako bigarren eskuko azoka eta Garagardo Azoka. Atsegindegi alternatiba ederra da euria nagusi den leku batean. Tokia haundia, irekia eta trabarik gabea izan arren, ez du erabateko babesa eskaintzen eguraldia zeharo petraltzen denean, izan ere, haizeak eta euriak gogotik jotzen dute plazan. Hori dela eta, Udalak onartu berri du plazaren buelta eguzki-oihal edo toldoekin ixteko proiektua.

Ireki eta ixten direnak
Printzipioz lehentasuna emango zaio anbulatorio aldeko eta Urbieta kaleko aldeak ixteari; hala ere, Biteri kultur etxeko aldea ixtea ere aurreikusi da. Toldoak moduloka jarriko dira; alde bakoitzak bere moduloak izango ditu, bata bestearengandik independienteak, eta modulo bakoitza igo eta jaitsi egingo da mando baten bidez, momentuko beharren arabera. Atsegindegi plazak 37 metroko luzera du eta 22 metroko zabalera; estalkien altuera 5.5 metro eta 6.5 metro artekoa izango da. Alderik luzeenean, Urbieta kalekoan alegia, moduloek bat egingo dute plazako zutabeekin; alderik motzenetan berriz, launa modulo jarriko dira. Goitik beherakoak izango dira eta edozein altueran gelditzeko modukoak. Modulo bakoitzak bere motore propioa izango du, mando batekin martxan jarriko dena eta erraz erabiltzeko modukoa. Oinarrizko baldintza horiez gain, honakoak ere izango dira kontuan: eguraldiari eta suari aurre egiteko sendoak izatea, plazak berezkoa duen argia aprobetxatzeko aukera ematea eta negutegi efektoa ez izatea.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz
Udalak 110.000 euroko aurrekontua du lan honetarako. Aurrekontuaren zati bat Eusko Jaurlaritzako Merkagune programak, herrietan merkataritza eta aisialdia sustatzeko programak jarriko du, 41.260 euroko diru laguntza eman baitu. Proiektua aste honetan onartu da eta irailaren bukaerarako esleitzea aurreikusi du Udalak. Behin esleitu edo adjudikatuz gero, Udalak bi hilabetetako lana aurreikusi du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!