Antziola errekak ibilbide gehiena lur azpitik egiten du

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 7a, 02:00

ANTZIOLA errekak Oriamendi gainean du sorlekua, Hernaniko lurretan. Ibilbidea, herrira, Larrabide baserriaren ertzetik egiten du eta beherago beste bi errekekin elkartzen da. Balantxa baserriaren inguruan lur azpira sartzen da eta ibilbidearen zatirik handiena hala egiten du, bidean kareharria baita nagusi. Azkeneko hamarkadan, Antziola auzoa eta atletismoko pista inguruan egin diren urbanizazio lanek behartuta, Antziola erreka Urumea ibaiarekin elkartzen den arte ez da ateratzen agerira.

Errekaren egoera
Antziola errekaren ibaiertza guztiz degradatua dago. Hala ere, Larrabide baserriaren inguruan platanoa tartekatzen da noizik eta behin. Antziola auzora iritsi baino zertxobait lehenago ere agertzen da erreka, baina hemen ere ibaiertza zeharo degradatua dago. Ondoren, aurrerago, Villa Ave Maria inguruan ere agertzen da. Hemen aldiz, lizarrez inguratua dago. Kanalizatutako bide batetik pasa ondoren, atletismoko pista azpitik doa. Urumea ibaiarekin erugby zelai inguruan egiten du bat. Beraz, inguruan ez dago hildako zuhaitzik. Errekak inguruan ez du landareria askorik, baratza eta zelaien artetik edota errepide albotik pasatzen baita. Errekak ibilbidean Antziola inguruan oztopoak ditu, auzora sartu baino lehen zementuzko tubo batetik pasatzen baita. Beraz, ur kalitatea txarra denez, ez du ez fauna ez florarik. Hortaz, errekaren egoera tamalgarria da eta hobekien duen zatia iturburua da. Aranzadik egindako azterketako proposamena iturburutik gertu dagoen ibaiertza hobetzeko lanak egitea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!