Argindarraren kableak lurrazpitik jartzeko lanak egingo dituzte irailera bitarte

Kronika - Erredakzioa 2008ko abu. 7a, 02:00

Herria alderik alde eta ia erdi-erditik gurutzatzen duen tentsio altuko linea dago oraindik agerian Hernaniko zeruan. Linea Santa Barbara auzotik Zikuñagako tranformadorera doa. Laister desagertuko da ordea, aireko linea lurrazpitik pasako baitute datozen hilabeteetan.

Iberdrolarekin akordioa
Dagoeneko hasiak dira lanean, Laubidieta parean, duela bizpahiru aste; Udalak lurrazpiko kanalizazio lanak egingo ditu lehendabizi eta ondoren Iberdrolakoak arduratuko dira kableak beren lekutik pasatzeaz. Irailaren bukaerarako edo urrriaren hasierarako lanak bukatuta izatea espero dute.

Aspaldi eskatua
Udal arkitektoaren esanetan, aspaldiko kontua da gai hau. 70garren hamarkadan hasi ziren linea lekuz aldatu nahian; geroztik saiakera bat baino gehiago egin dituzte eta azkenean Udalak lortu du akordio bat sinatzea Iberdrolarekin. Udala ez da izan linea aldatzeko eskatu izan duen bakarra, bizilagunek ere eskatu izan baitute linea kentzea edo aldatzea. Bere garaian bi aukera aurreikusi ziren linea herri gainetik kentzeko; bata aireko linea mantentzea baina beste leku batetik pasatzea, eta bestea, lurrazpitik pasatzea, orain egingo dena alegia. Azkenean bigarrena egokiagotzat jo eta hasi dira egokitze lanak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!